Lasarteoriatar ugari bildu zen atzo arratsaldean, Villa Mirentxun irakurle-txokoaren aurkezpenean.
Aurretik Pablo Barrio eta Donetz Iradi taldeko kideek eta Uxue Alberdi irakurle-txokoaren dinamizatzaileak prentsaurrekoa eskaini zuten.
Donetz Iradik txokoaren sortzearen zergatia azaldu zuen, "euskal literatura gogoko dugu eta honi buruz hitz egiteko txokoa sortu behar zela uste genuen". Honetaz gain, gure herrian euskarentzat beste arnasgune bezala ere ikusten dutela azaldu zuen.
Txokoaren dinamizatzaile den Uxue Alberdik "gaur egun zaila da modan ez dagoen literaturari buruzko solasaldiak izatea" aipatu eta taldean irakurtzea aberasgarria dela azpimarratu zuen.
Saioak
Alberdik azaldu moduan, hilabetean behin egiten diren bi ordu edo bi ordu eta erdiko saioak dira. Hauetan teknika literarioetaz edo pertsonaietaz ez ezik, libururetan jorratutako gaiei buruz eta irakurleei sortzen dien emozioez hitz egiten da.
Honela, taldeko arduradunek azaldu zutenez, lehengo hiruhilabete honetan hiru saio izango dira. Lehenengoan urriaren 15ean, Miren Agur Meaberen "Kristalezko begia" liburua landuko da. Azaroaren 19an, berriz, Irene Nemirovsky-ren "Dantzaldia" lana izango da hizpide eta abenduaren 10ean, Harkaitz Cano-ren "Twist" eleberriari buruz hiz egingo da. Saio guztiak 18:30ean hasiko dira eta Villa Mirentxun izango dira.
Saio hauetara idazleak ere gonbidatuko dituzte. Uxue Alberdik "zorteko gara, euskal idazleak gurekin eser ditzakegulako" aipatu zuen aurkezpenean. Honela, Miren Agur Meabe edo Harkaitz Cano beraren bisita izango dute txokoko irakurleek.