Euskotren eta Jaurlaritzari soinua murrizteko eskaera

Txintxarri Aldizkaria 2013ko irailaren 10a

Ohiko Udalbatzarra izan da gaur arratsaldean. Honetan aurrekontuen dosierra onartu eta Eusko Jaurlaritzari, zein Euskotren-i trenak sortzen duen soinua murrizteko neurriak har dezan adostu dira.

Baina Udalbatzarra hasi baino lehen alkateak hitz batzuk egin ditu alkatetzako idazkari zen Jose Luis Juarezen ohorez eta Vanesa Velez PP-ko zinegotziari doluminak eskaini dizkio bere aitaren heriotza dela eta.

Ostean udalbatzari hasiera eman zio puntua apirilaren 9ko bilkuraren onarpenarekin. Bigarren puntua, 2013 ekitaldiko aurrekontuen kontu orokorraren dosierrari onespena ematea izan da. Estitxu Alkortak, ogasuna eta kontu bereziak ataletako batzorde buruak azaldu duenez, aurrekontuen prozedurari amaiera emateko azken pausoa da. Bildu, EAJ eta LOHP-ren bozkekin atera da aurrera puntua.

Jarraian, talde sozialistak aurkeztutako mozioa aztertu da, Euskotrenek Urbarte auzoan sortzen duen soinuari buruzkoa, hain zuzen ere. Honetan Jesus Zaballosek beste udalerrietan Jaurlaritzak burututako lanak kontutan hartuta Lasarte-Orian ere Euskotrenen zarata gutxitzeko sistemak jartzea eskatu du. Azken neurketei buruzko eztabaida izan dute EAJ eta PSE-Eek, hala ere aho batez onartu da eskaera.

Bilduk azaldu du Atsobakarren ez ezik, Pintore kalean eta Somoto ibilbidean ere neurriak har ditzatela eskatuko duela.

Galdera eta erreguak

Azkenik galdera eta erreguen txandan PSE-EEk hainbat gai jarri ditu mahai gainean. Batetik Udaletxe berrira lekualdaketa dela eta, Udaletxe zahar eta pisuen erabilerari buruz galdetu du, bestetik informazio eza salatu du, “batzorde asko ez dira bildu hilabeteetan eta kooperazio arloko auditoriak ez ditu epeak betetzen ”, BM-ko eskaileren eta Okendoko parkinen egoeraz galdetu du eta Udalak egingo duen inkesta aurkezpenean gezurra esatea leporatu dio Gobernuari. PSE-EEk ez baitu inkestari buruzko informaziorik izan, ezta galderak proposatzeko aukerarik izan ere.

Hirigintza saileko arduradunak Nerea Sanchezek azaldu du, Udaletxe zahar eta pisuentzako plangintza bat egiten ari direla eta hurrengo batzordean azalduko zaiela gainontzeko alderdiei.

Okendoko aparkalekuei dagokionez, alokairuan ateratzeko desioan daudela eta aurki egiteko prest egongo direla aipatu du.

Era berean, BM-ko eskailerak garbitzeko eskatu dela adierazi du. “Arazoa lur sailean belarra hazten ez dela da. Beraz birlandatzeko eskatu zaio enpresari”.

Inkestari dagokionez, alkateak azaldu du, ideia alderdi guztiei irekia egitea zela eta udan guztiei jakin arazi zitzaiela proposamenak egiteko aukera. Aztiker enpresak egindo duela ere jakitera eman du eta Udalaren ekimena dela azpimarratu du. “Denon eskura egongo da”.

Auditoriari dagokionez, lanean daudela jakitera eman du Estitxu Alkortak eta alkateak “hasiera espero baino beranduago izan zen, beraz atzeratua doa lana” azaldu du.