Gertutasuna eta eskaintza ona eskualdeko euskaltegietan

maider-azurmendi 2013ko irailaren 11

Buruntzaldeako udaletako Euskara zinegotzi eta euskaltegietako arduradunek agerraldia egin dute Andoainen eskualdeko euskaltegien matrikulazio kanpaina aurkezteko. Bertan euskara ikastearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute etxetik gertu eta eskaintza ona duten euskaltegietan. Honetarako udalek diru laguntzak dituztela ere azaldu dute.

Andoainen elkartu dira goizean eskualdeko udal ordezkariak eta euskaltegietako arduradunak. Bertan euskara ikasteko matrikulazioa zabalik dagoela gogoratu nahi izan dute eta Ainara Rodriguez Andoaingo euskara zinegotziak azpimarratu moduan, herritarrak animatu nahi izan dituzte izena ematera. Lasarte-Oriaren kasuan, udal euskaltegia eta Muntteri AEK-n egin daiteke matrikulazioa. Udalek ikasketa hauek sustatzeko asmoz, diru laguntzak martxan dituztela adierazi dute ere, udalaren arabera, matrikularen %40tik %75 artekoak dira Lasarte-Oriako udalak ematen duena.

David Rosco Urnietako Euskara zinegotziak eskualdean euskara ikasteko dauden erraztasunak azpimarratu ditu "gertutasuna aipatuko nuke, herritar gehienek pauso batean baitute euskaltegia gure herrietan. Euskara ikasteko eskaintza zabala da, maila asko eskaintzen baitira, eta gainera euskara ikasleek udaletatik eskura ditzakete diru-laguntzak". Cristina Bernal Andoaingo AEK-ko irakasleak, euren helburua elebakar diren eta utzi nahi duten herritarrei laguntzea dela "zerbitzu soziala da".  

Internet tresna

Lorendine Usarralde Lasarte-Oriako udal euskaltegiko zuzendariak on-line aukerei buruz mintzatu da. www.buruntzaldea.org gunean sartuta, euskara atalean ikasleek, euskaltegien informazioa aurkitzeaz gain, mailakatze frogak egiteko aukera dagoela "beti ere froga hauek orientagarriak dira ikasleak bere euskara maila zein den ezagut dezan matrikula egitera jo aurretik". Horretaz gain, sarean ere aurki daiteke udal bakoitzean ikasleentzat dauden diru laguntzen informazio osoa eta Mintzalaguna edo Solaskide ekimen osagarrien inguruko argibideak.

Bukatzeko Mikel Pernia euskara ikasleak hartu du hitza. Andoaindarrak bere esperientzia kontatu du. B ereduan ikasi ondoren, euskara "galduta" zuela konturatu eta iaz Andoaingo euskaltegian hasi zen. Emaitzarekin oso pozik azaldu da eta jendea animatu du euskara ikastera.