Bigarren eskuko bizikleten azoka txikia Mugikortasun Astean

maider-azurmendi 2013ko irailaren 12a

Ingurugiro zinegotzia Nerea Sanchezek eta Artelatzeko Eli Gondatz teknikariak aurkeztu dute Mugikortasun Astearen egitaraua. Astearen leloa "Mugi zaitez aire garbiago baten alde" eta astelehenean hasita ostirala bitartean gozatu ahal izango da ekintza bereziez.

"Mugikortasunak garrantzia handia du gure bizitzetan eta alor honetan jasangarritasunez lan egiteak etorkizunean mundu garbi eta osasuntsuago bat izatea ekarriko digu. Hori dela eta, bizikletari garrantzia eman nahi izan diogu egunerokotasunean airea garbi mantentzeko gure eskura dugun tresnarik onena baita. Beste alde batetik garraio publikoa ere ezin dugu ahaztu, bere erabilera handitzeak sare publiko osatuago bat izaten lagunduko baitigu". Azaldu du aurkezpenean Nerea Sanchez zinegotziak. 

Herrian egun hauetan Mugikortasun Astearen baitan egingo diren ekimenen artean bereziki azpimarratu nahi izan dute irailaren 20an, ostiralean, Okendon egingo den bigarren eskuko bizikleta merkatu txikia "erabilitako materiala, bai bizikletak eta baita osagarriak ere saldu edo trukatu ahal izango dira bertan".

Materiala 15:30etatik 16:30ra bitartean gordailuan utzi beharko dela azaldu dute eta honetan parte hartzeko 16 urtetik gora izan beharko direla ere "umeak etorri ahal izango dira euren materiala uztera baina beti heldu baten laguntzarekin, horrela egin ezean ez zaio materiala hartuko". Azokari buruz informazio gehiago eskuratzeko 943 670 249 telefono zenbakia jarri du udalak herritarren eskura.

Egitarau erakargarria

Egitarau oparoa aurkeztu da. Irailaren 17an, asteartean, Manttangorria herriko kaleetan barrena ibiliko da ohi bezala baina egun honetan "autobusaren erabilera sustatzeko eta ezagutzen ez dutenek anima daitezen" Manttangorriren zerbitzua doakoa izango da bere zerbitzu guztietan. Asteazkenean, irailak 18, mugikortasun parkea egingo da Okendo plazan 16:30etik 19:30era. Sanchezen esanetan "herritar guztiei zuzendutako jarduera da eta irisgarritasunarekin lotutako jolas eta jarduerak burutuko ditugu" ONCEren eskutik jolas didaktikoak ere izango dira.

Ostegunean kalea oinezkoentzat ekimena gauzatuko da. Kale Nagusian 16:30tik 19:30era jolasak eta kirol ezberdinak egingo dira baita Segway zirkuitua ere. Kalea beraz kotxeentzat itxita egongo dela gogoratu nahi izan du Sanchezek.

Berrikuntza nagusia ostiralean izango da. Horrela "errotzen hasi den bizikleta martxa" eta jolasez gain, Okendon bertan bigarren eskuko bizikleta merkatu txikia egingo da "txiki geratu zaizuen edo hautsez betetzen ari den bizikleta ekartzera animatzen zaituztegu, beste batek aprobetxa dezake".

Ekintza hauekin batera, herriko eskoletako haurrek marrazkiak egingo dituzte gaiari lotuta eta astelehenetik dendetako erakuslehioetan jarriko direla azaldu du Eli Gondatzek.

Bidegorria Donostiara

Agerraldiaren amaieran eta mugikortasunarekin lotura zuzena edukita, zinegotziak aurreratu nahi izan du "ilusioz Donostiarekin bidegorriaren lotura itxaroten ari gara". Aldundiarekin hainbat bilera egin eta gero hilabete honen buruan Lasarte-Oria Donostiarekin lotuko duen bidegorriaren proiektua zehaztea espero da datorren urteko aurrekontuetan jaso eta gauzatu dadin. Herritarren aspaldiko eskaera zen hau eta ondo bidean, zinegotziak aurreratu duen bezala, datorren urtean burutuko litzateke.