Usteak uste

unai-munoa 2013ko irailaren 13a

Hitzek nahasten gaituzte, ustea horixe baita, uste. Zenbat iritzi, harri-bitxi, nahiz eta azkenean, ondorio berdinera iritsi: bakoitzak duela bere egia, eta gehienetan, ez badu kalte egiten besteon eskubideetan, zilegia. Gainera,  ia beti ez dira hainbeste ideak, gehiago esaten du norberaren bideak. Horregatik batzuk hain diskurtso politak egiten dituzte, baretu nahian, kontzientziak bere ezbaian, eragiten dizkieten mila buruhauste. Dituzte da ditugu, Erroma, herria, plaza… ere bagara gu. Gu da ni, eta zenbat gustatzen zaion plaza idazten ari den honi. Zertarako sinetsi, agian neuk ere sostengatuko ez dudana bihar edo etzi. Gezurrak mozorrotzen dira hitzetan, egiak, ordea, errazago aurkitzen dira begietan. Behintzat, bestea hartu aintzat eta ikusiz begiratzen denetan. Zeren, ez dakit ez ote garen esna baino lo bizi. Nola adierazi… Beldurraren eta amorruaren titere, lerro artean irakurri gabe, beti ere, robotak bihurtu gara kasi. – “Lasai, nik erakutsiko dizut, zuk ikasi! Erosi, eduki, gailurrera iritsi, erdietsi, lortu… eta garenaren beldur, ez garena izaten egoskortu. Modara jantzi, nahiz eta konplexuz beteta erantzi. Bestearen inbiditan, nor izan nahian besteen begitan, konturatu gabe norbera bezalako beste bat ez dela mundura sortu. Ez daude ni bezalako bi, eta eskerrak, esango du zenbaitek, asko estimatzen ez nauen baten batek, baina bakarra eta bakana naizelako da hori. Zertan jarraitu orduan, besteei begira, behar ditudan aukera guztiak nire baitan sortzen badira? Ez dakit… zer pentsatua ematen dit. Korronteak nora-ezean daramala, paperezko barkutxo bat bezala, esna ere lo gaude oraindik. Nik nahi dut iratzarri, bizitzari arreta jarri, dakidalako bestela, esperientziak erakutsi dit horrela, zaila dela egiten irri. Baina, hitzek nahasten gaituzte, eta ustea horixe da, uste.