“Zaila da trainerua menperatzea”

Nerea Eizagirre 2013ko irailaren 13a

Kontxako banderan hainbat lasarteoriatar izan dira arraunean eta Lasarte-Michelin traineruak bandera lortu zuen, 1969 eta 1973an. Duela lau urtera arte gizonek bakarrik parte hartu zezaketen lehian, baina emakumeen lehiaketa jarri zen martxan. Honen ondorioz, hainbat dira arraunean hasi diren emakumeak. Intza Fernandez herritarra horietako bat dugu. Aurten Zarauzko traineruan izan da Kontxako badiako lehia nagusian. Sailkapenean azken-aurren geratu ziren arren, ongi egindako lanaren poza du.

Duela bi urte hasi zen Intza Fernandez gaztea arraunean. Hamazazpi urteko herritarrak beste kirolik ez zuen gogoko eta talde desberdinekin jarri zen harremanetan. Honela, Zarauzko arraun elkartean hasi zen batel eta trainerilletan lehiatzen. Aurten trainerura egin du salto eta Zarautz eta Tolosak osatutako taldean izan da Kontxako banderan. Lasarteoriatar gaztearekin bildu gara aurtengo denboraldiari buruz hitz egiteko. 

Nola sortu zitzaizun zaletasuna?
Nik telebistan ikusten nuen eta ez nuen kirolik egiten. Orduan probatzea otu zitzaidan.

Taldeei emailak bidali eta Zarautz izan zen interesatu zen bakarra. Beste guztietan ez zuten interesik agertu edo ez zegoen nesken talderik. Nire familian ez dago arraunlaririk, baina beste kirolik ez zitzaidan gustatzen, ez futbola, ez saskibaloia....

Soilik traineruan ari al zara? Edo trainerillan eta arraun mugikorrean?
Neguan batelean, ibili naiz, trainerillan ere egin ditut proba batzuk eta udako denboraldia traineruan egin dut.

Eta zein mailatan lehiatu zara?
Bateletan 2. urteko junior mailan izan naiz, urte hau egin eta senior mailara iritsiko naiz. Trainerillan eta traineruan senior mailan ibili naiz. Alde handia dago.

Saririk lortu al duzue?
Trainerillan, Zarautzeko proba irabazi genuen, baina hiru talde ginen bakarrik. Bateletan ere ez genuen saririk egin. 

Eta traineruan Gipuzkoa Ligan parte hartu duzu... 
Trainerua Tolosakoekin batera osatu genuen. Hamalau neska gara gehi lau ordezko. Horietako bi kadeteak dira eta ezin dira lehiatu. Beraz, nahiko juxtu ibili gara. 

Talde gaztea gara gainera, bataz bestekoa 17 urtekoa da. Uste dut bakar batek iaz traineruan egin zuela, baina beste guztientzat lehengo urtea da traineruan gaudena. 

Nola joan da udako denboraldia?
Gogorra izan da, ia astebururo lehiaketa genuen. Aste eta erdiko atsedenak izan ditugu ere. Lehiaketetan ahal duguna egiten dugu, gure lehengo urtea baita.

Zenbat entrenatzen duzu?
6 egunetan ordu bat edo ordu eta erdi. Entrenatzaileak esaten duenaren arabera. Hori udako entrenamenduei dagokionez, neguan hiru egun fisiko egiten ditugu eta besteak uretan. Kasu honetan ere, entrenatzaileak zehazten digu zer egin.

Eta proba bat baino lehen?
Normal entrenatzen dugu.Baina proba baino egun bat lehenago erritmoa lasaiagoa da. Ziabogak, irteerak eta biraketak prestatzen ditugu. Era honetara, probara lasai iristen saiatzen gara.

Eta dieta zaintzen al duzu?
Medikua dugu eta zer jan behar dugun aholkatzen digu. Batzuetan pisua jaitsi behar dugula esaten digu. Baina ez da zorrotza, zure esku uzten du, ez du dietarik jartzen. Orion esate baterako oso zorrotzak dira horrekin baina Zarautzen ez hainbeste.

Euskotren Ligako sailkapen estropadan parte hartu  zenuten?
Bai, baina ez ginen sailkatu. Horrek ere prestatzeko eta ikasteko balio izan digu.

Eta noski Kontxako kanporaketan izan zineten? Nola bizi izan zenuen?
Gogoak genituen Kontxan lehiatzeko. Eta jendea animatzen ikustea eta gu txalotzen... Oso polita izan zen. 

Nola ikusi zenituen arerioak?
Maila desberdinak daude Zumaia, galegoak... Bizkaia eta Hondarribi oso parekatuak egon ziren. Guk Orio pasa nahi genuen, baina azkenean Santoña baino hobeak izan ginen. Gu talde gaztea gara eta gure entrenamendu maila eta beste taldeena ez da berdina. Zumaiak 6 urte behar izan ditu dagoen lekura iristeko. Beraz, pixkanaka...

Honetaz gain, desberdintasun handia dago emakume eta gizonen arraunean, ezta?
Bai, baina orokorrean kirol guztietan dago desberdintasun hori. Ez da bidezkoa baina ni dagoeneko ohitu naiz.

Zer suposatzen du arraunlari batentzat Kontxan lehiatzeak? 
Kontxan lehiatzea oso garrantzitsua da arraunlarientzat. 

Esperientzi bizi eta gero, zer esango zenieke ikusleei?
Arrauna ez da telebistan ikusten den bezalakoa, jendeak uste du bertan eserita egotea dela eta listo, baina gogorragoa da. Zaila da trainerua ongi menperatzea.