Jaien balorazioa egiteko aukera

Txintxarri Aldizkaria 2013ko irailaren 13a

Gazteria eta Festak departamentuak jakitera eman du herriko etxe guztietara eskuorri bat zabalduko dela datozen egunetan herritar guztiek 2013-ko San Pedro jaien balorazioa egiteko beta izan dezaten. Udalak ahalik eta iritzi gehien jaso nahi ditu datorren urteko egitaraua egiteko garaian kontutan hartzeko. Bestalde Inauterien balorazioa egiteko bilera izan zen bart Manuel Lekuonan. Taldeak pozik azaldu ziren arren hainbat hobekuntza proposatu zituzten.

Udaletik azaldu dutenez, San Pedro jaiak ekainaren amaieran ospatzen badira ere, Gazteria eta Festak departamentuarentzat hilabete askotako lana izan ohi dira eta garrantzia handiko gaia gainera. "Gure herriko festek eboluzio positibo izugarria jasan dute azken urteetan, festa bera planteatzeko moduan, taldeekin landu den elkarlan berrian,… Helburua, urtez urte hau hobetzen eta proposamen berriak lantzen jarraitzea da, gure festa aberastuko dutenak, eta horregatik, herritarren iritzia jasotzea ezinbestekoa da". Horregatik etxeetara iritzia emateko aukera erraztuko duen esku orria bidaltzea erabaki dute sailetik.

Honetan bete beharreko informazioa oso sinplea da. Bertan, festetako ekintzak positiboki eta negatiboki baloratzeko eskatzen da eta horretaz gain, zerbait berria gehitu nahi bada, aukera hori ematen da ere. Behin beteta, iraila osoan zehar herriko eraikin publiko guztietan dauden parte hartze postontzietan utzi beharko da betetako esku orria.

Udaletik lasarteoriatar guztiak parte hartzera eta haien iritzia ematera gonbidatu nahi dituzte "festa hobe eta parte hartzaileagoak izaten jarraitzeko ezinbestekoa baita hau. Zu ere jaietan blai!"

Inauteriak

Bestalde, 2014ko Inauteriak prestatzeko lehenengo bilera egin zen bart. Bertan 2013ko balorazio laburra egin zuten parte hartu zuten talde eta koadrilek. Orokorrean denak pozik azaldu ziren festarekin bereziki karpa eta honen barruan oholtza jartzearekin. Izan ere, eguraldi txarra dela eta hau erabiltzeko aukera izan zen eta festak ez zuen etenik izan.

Geroz eta talde gehiago animatzen dira Inauterietako ekintzatan parte hartzera eta handitzen joatea ere espero da datorren urterako. Aldi berean hobetzekoak izan daitezkeen hainbat proposamen eraman zituzten taldeek eta udal ordezkariek hauek aztertzeko konpromisoa hartu zuten. Gaia hautatzeko iaz jarraitutako prozesua erabiliko da.