Pablo Barrio alkateak Udaletxe berriaren aurkezpen ekitaldia aurkeztu du gaur eguerdian.
Alkateak azaldu duenez, abuztuaren 21ean jarri zen martxan Udaletxe berria, "baina ez dugu ofizialki aurkeztu". Honetarako, irailaren 20ean, ostirala arratsaldeko 19:00etan ekitaldi xume bat antolatu du Udalak.
Helburua guztiontzako eraikuntza dela erakustea da. "Guztiei irekia eta guztien zerbitzura egongo dena," aipatu du Pablo Barriok.
Ekitaldia
Horregatik, herritarrak izango dira protagonistak, "haiek izango dute hitza". Horretarako ekainean eraikitzen hasitako emozioen hormari jarraipena emango zaio. "Ekainean, 50 elkarte eta taldek herri honetan dagoen aniztasuna erakutsi zuten mosaiko bat sortuz," adierazi du alkateak.
Hormari jarraipena emanaz, elkarte eta taldeen lanaren aitorpena egin nahi da, "hauek baitira herriaren oinarria eta herria kolorez janzten duen sarea".
Baina hitzez gain, musika ere izango da protagonista eta herriko hainbat musika taldek bere harritxoa jarriko dute ekitaldia girotu eta alaitzeko.
Bide batez, Lasarte-Oriako Udalak barkamena eskatu nahi die harremanetan jarri ez den elkarteei,"Udalaren mugak ezagutuz, orain arte elkarte edo talderen batetara heldu ez gara, barkatu gure ezintasuna". Eta hauek ekitaldiari buruzko informazio gehiago nahi badute udala@lasarte-oria.org helbidean harremanetan jarri daitezkeela azpimarratu du.
Bisita gidatuak
Ekitaldiaz gain, udaletxe berria ezagutu nahi duten herritarrek hau barrutik ikusteko aukera izango dutela ere jakitera eman du alkateak. Ostiralean bertan lau bisita gidatu egingo dira, bi euskaraz 17:00 eta 18:00etan eta bi gaztelaniaz 17:30 eta 18:30ean.
Udal berria bisitatu nahi duten herritarrek Udal berriko erregistroan eman behar dute izena. Bisita gidatu hauetan kopurua 30 pertsonara mugatua egongo dela adierazi dute.