Orekatua izan da lehen zatia, bi taldeek baloiaren jabetza edukitzeko borroka egin eta aukerak sortzen saiatu diren arren, atsedenaldira hutsean iritsi dira. Aurretik, hori bai, Ganix Arrondo erdiko atzelaria kaleratua izan da bi txartel hori ikusi dituelako. Lehena falta argi baten ostean atera dio epaileak eta bigarrena baloia eskuarekin ukitzeagatik. Hortik aurrera herren geratu da taldea eta lan fisiko handia egin behar izan du hamar jokalarirekin partidua irabazi ahal izateko.
Bigarren zatiari gogotsu ekin dio Ostadarrek eta 20. minuturako sartua zuen gerora hiru puntuak eman dizkion garaipenaren gola. Area ertzean Zarautzeko defentsek Aizpurua erdilariari falta argia egin eta Hodei Perezek baloia maisuki area txikian jarri ostean, Iñaki Aristondo beteranoak baloia sareetara bidali du harmailen zoramenerako. Hortik aurrera defentsa lana izan du ardatz etxeko taldeak. Jokalari bat gutxiagorekin aritu beharra oztopo izan da abaguneak sortzerako orduan, baina kontran ere joko bizia eginez aukerak sor ditzakeela erakutsi dute urdin-beltzek.
Denboraldia garaipenarekin hasi dute, goiko postuetan kokatu dira eta liga luzea den arren, hobe da zapore gozoarekin ekitea, maldan gora abiatzea beti baita nekeza. Hurrengo jardunaldian, irailaren 22an, Getariako Keta izango du aurkari Ostadarrek, etxetik kanpo.