Laino beltzek ezin izan dute Parapetasonik jaialdia gelditu

jon-altuna-egitegi 2013ko irailaren 15a

Beltzez jantzi zen larunbatean Parapetoa, hirugarren urtez jarraian. Baina ez ziren metal eta rock zaleak izan kamiseta beltzak soinean herria bisitatu zuten bakarrak izan. Zeru aldetik laino beltzak ere inguratu ziren Lasarte-Oriara, eta zaparrada mardulak bota bazituen ere, herrian dagoen musika goseak jaialdia ospatzea ahalbidetu zuen.

Goiz-goizetik hasi ziren antolatzaileak Parapetoko eskenatokiko bafle, kable, karpa, txosna etab. luze baten prestaketekin. Talde gazteak bultzatzea helburu duen rock eta metal festibala da Parapetasonik, hiru urte atzera herriko hainbat gaztek euren taldeei kontzertuak eskaintzeko aukera eman asmoz sortua. Aurtengoan zortzi taldek zapaldu dute N-1 gainean kokatuta dagoen Parapetoko eskenatokia eta arratsaldetik hasita gaueko ordu txikietara arte jende andana hurbildu da musikaren erritmora burua aurrera eta atzera mugituz txima luzeak dantzan jartzeko intentzioarekin.

Gabezia eta Hilotz herritarrak

Jaialdia arratsaldeko 17:00etan hasi zen, Pinotxet urnietarrekin. Hauen ostean iritsi zen herriko lehen talde gaztea, Gabezia hain zuzen. Herriko bandak Gizakia Etsai bere lehen diskoa aurkezteko probestu zuen emanaldia, besteak beste, laukoteak Peripezia eta Ametsa Izan Dela lehen aurrerapen kantuak jo zituen ikusleen gozamenerako. Gazteak izanagatik, metalaren munduan txokotxo bat egiten ari dela dirudi etorkizun handiko talde berria. Ilunabarra gertu zela iritsi zen Biersbreaken donostiarren txanda. Aurpegia gerlariz margotuta zutela eta kalabera eta guruztez jositako eszenografia ilun eta beltz batekin wattioz blaitu zuten gunea.

Legalize Murder iruindarren kontzertuarekin hasi ziren laino beltzak festibala zertxobait narrasten, izan ere, erori ziren lehen tantek eskenatokian bi karpatxo jartzera behartu zituzten antolatzaileak eta jakina, jendearentzat ez zen batere erosoa izan kontzertua euripean ikusi behar izatea. Hori ikusirik, bafle, mikrofono eta kable guztiak besoetan hartu eta Parapeto barruko lokalean egin zituzten hortik aurrerako kontzertu guztiak. Leku txikietan kontzertu handiak eta beroak ematen direla esan ohi da eta halaxe izan zen atzokoan ere. Izu Nauk zumaiarrek, TrashGression zarauztarrek, Behatxe Roja hernaniarrek eta Hilotz lasartearrek infernu txiki bilakatu zuten Parapetoko zuloa. Aipagarria izan zen Hilotzen kontzertua, Hil ala Bizi euren azken lanari errepasoa egin zioten herriko ikusleen aurrean eta jada inguruko herrietako metal jaialdien errezetetan ezinbesteko osagaia direla argi utzi zuten beste behin. Trash metal riff bortitzak eta ahots urratuak ardatz hartuta, estilo propioa bereganatzen ari dira herriko mutilak, zigilu propioa dute jada euren kantuek.

Egunari amaiera emateko gaueko ordu txikietara arte luzatu zuen festa Metal DJ-k eta herrian halako jaialdiak antolatzen direnean jendeak erantzuten duela argi geratu zen beste behin ere. Herriko euskarazko metalak bizirik dirau.