Kukuka Antzerki eta Dantza eskolak indartsu hasiko du ikasturtea

Txintxarri Aldizkaria 2013ko irailaren 16a

Kukuka antzerki eta dantza eskolako lagunek gaur eguerdian eskaini duten prentsaurrekoan 2013-2014 ikasturte berriaren berri eman dute. Gainera, Usurbilen egin ohi den Topa Eszenikoan parte hartu eta Lasarte-Oriara jaialdi honetako antzezlan bat ekarriko dutela ere jakitera eman dute.

Kukuka Antzerki eta dantza eskolak urrian hasiko du ikasturte berria. 60 talde, 700 ikasle eta 22 irakasle izango dira aurtengo ikasturtean dantza eta antzerkiaz gozatzen.

Maider Oiartzabal dantza arloko arduradunak irakurketa positiboa egin du. Dantzan hiru lerro lantzen dira, euskal dantza, euskal dantza-sorkuntza eta dantza garaikidea eta hauetan taldeak mantendu edo gehitu direla aipatu du. “Euskal sorkuntzan taldeak gehitu dira. Duela bost edo sei urte hasi ginen esperimentuarekin eta herriak oso ondo erantzun du. Gaur egun, LH4tik helduetaraino taldeak daude”.

Antzerkiari dagokionez ere, taldeak mantendu direla adierazi du Kontxu Iartzak.

Kukukako arduradunek jendea animatzen dute izena ematera, “tokia dago”. Eta bereiziki, helduen taldean. “Antzerkian, lehengo urratsa hasiko duen talde bat egongo da eta antzerkian lehen pausoak eman nahi dituenarentzat aproposa izango da”.

Honela, Kukuka antzerki eta dantza eskolan izena eman nahi dutenek bi bide erabil dezaketela gogoratu dute, telefonoz 655 847 345 zenbakian edo email bat bidalita, kukukaeskola@hotmail.com helbidera.

Hitzarmena

Bestalde, Joxe Mari Agirretxek berrikuntza nagusia aurkeztu du, Udalarekin sinatuko den hitzarmena. “Garrantzitsua da guretzako, egindako lanari errekonozimendu ofiziala delako,” aipatu du. Era honetara, bitartekoak lortu eta lan egiteko marko egonkorra sortuko dela aipatu du, “gure lanari babesa eman eta udal instalakuntzen erabilera arautzen da”.

Baina Kukuka-k hitzarmenean puntu bat gehitu nahi duela azpimarratu du, “Lasarte-Orain antzerki edo dantza amateurraren egitaraua egotea nahiko genuek, hilabetero ekitaldi bat egon dadin”. Hala ere, hau Udalarekin hitz egiteko dagoela jakitera eman du.

Topa eszenika

Eta hau guztiaz gain, 5. Topa eszenika gure herrian izango dela ere aurreratu dute. Hau aurkezteko Alex Tello Usurbilgo antzerki ekintza taldeko kidea eta Itziar Elias EHAZEko koordinatzailearen laguntza izan dute.

Irailaren 25etik urriaren 5era Usurbil, Añorga eta Lasarte-Orian antzerki eta dantza ikastaro zein ekitaldiak izango dira. “Herritako taldeen arteko hartu-emana dela eta, hiruetan izango du tokia topa eszenikoak aurten”, adierazi du Alex Tellok.

Tellok azaldu legez, Topa eszenikoa-k bi ardatz ditu. Batetik formakuntza dago, “aurten ikastaroak Usurbilen egingo dira soilik, baina etorkizunean Añorga eta Lasarte-Orian ere egitea da ideia”. Hauetan punta puntako profesionalak izango dira, horien artean, Maider Oiartzabal Kukuka dantza eta eskolako irakaslea. Hauek antzerki edo dantza zaletu, zein ikasleei zuzenduak dira eta izena eman edo informazio gehiago jaso nahi duenak topaeszenik@gmail.com helbidean aukera duela jakitera eman du Tellok.

Ikuskizunak

Bestetik, ikuskizunak daude. “Denetarik egon da. Kalitate handikoa ikuskizunak izango dira eta merke gainera”, azpimarratu du Tellok. Saio gehienak 5 eurotako sarrera dute, “Maddi eta Antton” antzezlana doan da. “Hau horrela egin dugu, adin eta mota guztietako ikusleak izateko”.

Antzerki eta dantza ikuskizunetan azpimarragarriak dira Kukukako dantza taldeek irailaren 28an, Sutegi kultur aretoan eskainiko duten emanaldia edo urriaren 4 eta 5ean, Añorga eta Lasarte-Orian eskainiko diren lanak. Urriaren 5ean, esate baterako, Poza antzezlana eskainiko du Metro koadroka kolektiboak Manuel Lekuona kultur etxean arratsaldeko 20:00etan.

Alex Tellok aurreratu duenez, “hurrengo urterako ideia egitarau koordinatua egitea da”. Honetaz gain, antzerkizale elkarteari eskerrak eman dio babesa emateagatik eta Añorga kirol elkartea, Kukuka antzerki eta dantza eskola, EHAZE eta Usurbilgo Antzerki ekintza eragileen elkarlanari esker, hau posible dela jakitera eman du.

Azkenik, Itziar Elias, EHAZE-ko koordinatzaileak adierazi duenez, elkarteak euskal antzerkia bultzatzeko grina mantenduko du. “Gainera, kasu honetan sustapena eta transmisio egiten duen ekimena da Topa eszenika eta guztiei bai ikasle, bai zaletuei irekitako ekimena”, azpimarratu du.

Hori dela eta, Topa eszenika antolatzen duten eragileek lasarteoriatarrak gonbidatzen dituzte Topa Eszenikan parte hartu edo ikuskizunak ikustera. "Ikasturteari hasiera alaitsu eta ederra emateko," adierazi du Joxe Mari Agirretxek.