Altxamendu militarra, gerra eta frankismo garaiko gertaerak ikertzeko diru laguntza du Aldundiak eta herrian hauek ikertzeko taldea sortu zenetik partida hori eskatzea erabaki zuen udalak iaz lehenengoz.
Pablo Barriok esan bezala "herri bat bizipen eta emozio arkitektura bat da, interesak eta kontraesanak barne baina batez ere herri bat oroimen, kontzientzia kolektibo bat da. Kontzientzia benetakoa eta sendoa izateko beharrezkoa da nondik gatozen jakitea ahaztura, denborak berez eraginda edo interes batzuek nahita eragindakoa dugu herri baten etsai nagusia".
Ideia horretatik abiatuta, aurten ere Islada Ezkutatuak taldeko kideekin elkarlana sinatu du udalak. Iazko bidetik, dokumentazio publiko zein pribatua aztertu eta egiaztatu, gertaeren ikerketa egitea nazioarteko gomendio eta protokoloak jarraituz eta ondorioen zabalkundea dira laburbilduz elkarlanaren helburuak.
Udalarentzat, alkateak agerraldian adierazi moduan, lehentasuna lekukotasunak jasotzea da eta ondoren jasotako informazioa herriko etxe guztietara zabaltzea, 2014ko martxora bitartean bi eskuorri banatzea espero da.
Mailu Arrutik azaldu du taldeari bi lan ildo geratzen zaizkiola nagusiki, ikerketa lana, "artxibategietan aritzea, udal zein pribatuetan" eta informazio hori behar bezala jasotzea. Aranzadik dituen datuak eskuratzea beste lanetako bat da taldearentzat baita Urnieta eta Hernaniko udalek izan dezaketen informazioa aztertzea ere. Leku fisikoak arakatu, "pasarte horiek non gertatu ziren eta nola ikusteko" eta herrian geratzen den sinbologia frankista kentzea.
Bigarren lan ildoa, hitzaldiak antolatzea izango dela adierazi du Arrutik "iaz bi egin ziren arrakasta handiarekin".
Aurrekontua
Proiektua martxoa bitartean landuko da eta 10.500 euro izango ditu, hauetatik 6.500 Aldunditik jasoko dira eta udalak 4.000 euro jarriko ditu. Kopuru honetatik elkarteak 6.800 euro kudeatuko ditu eta bestea udalaren gastuak izango dira eskuorriak ateratzeko etab.
Taldeak azpimarratu nahi izan du lanean daudela eta lekukoekin hitz egiten jarraitzen dutela beraz, gonbitea luzatu nahi izan diete herritarrei euren testigantzak emateko eurekin harremanetan jartzeko.