Mugikortasun Asteko jolasek plaza hartu dute

Txintxarri Aldizkaria 2013ko irailaren 18a

Mugikortasun Astea ospatzeko hainbat ekintza antolatu ditu udalak aste honetan. Atzo Manttangorriren zerbitzua doan izan zen herritarrek autobus zerbitzua ezagutu eta erabilera sustatzeko. Gaurkoan Okendo jolas leku bihurtu da.

Mugikortasun Astea ospatzeko Lasarte-Oriako udalak ekintza desberdinak antolatu ditu egun hauetarako. Atzo Manttangorri zerbitzua doan izan zen autobusaren ibilbidea ezagutu eta erabilera bultzatzeko. Gaur berriz, Okendo jolas leku bihurtu da eta bertara gerturatu diren haur eta gaztetxoek hainbat jolasetan parte hartu ahal izan dute.

Taldeetan banatuta herri kirolak egin dituzte sokatira, lokotxak, txingak, gizon proba eta sega besteak beste. Horretaz gain, ONCEkoen esku haurrek begiak itxita bastoiarekin ibilbide bat egin ahal izan dute eta baloi jokoan ere aritu dira. Ez da lan erraza izan eta haiek azaldu bezala, “uste baino zailagoa izan da baloia ikusi gabe harrapatzea”.

Haur asko gerturatu dira eta jai giroa nabaria izan da Okendo plazan. Haurrek gozatu dute joko ezberdinetan taldeka zein banaka parte hartzen. Bihar eguraldiak laguntzen badu, Kale Nagusia itxi eta bertan egingo dira jolasak ere 16:30etatik aurrera.

Ostiralean bizikleta

Ostiralean errotzen joan den bizikleta festa egingo da eta Okendon bigarren eskuko bizikletan azoka txikia. Bizikletaz gain, osagarriak ere onartuko dira eta saldu zein trukatu ahal izango dira. Honetan parte hartzeko deia luzatzen dute udaletik.