14 eta 16 urte azpiko taldeek Atletico San Sebastian-en aurka jokatu zuten.
Errugbi taldeko arduradunek azaldu digutenez, 14 urte azpiko gaztetxoak jokoan nagusi izan ziren eta bere maila erakutsi zuten partidan.
16 urte azpiko taldeak, berriz, partida ederra egin zuela adierazi dute. “Defentsan lan gogorra egin behar izan zuen, Atleticoko mutilek ederki presionatu baitzuten”. Hala ere, Beltzak-eko gazteek ez zuten amore eman eta hutsunez baliatuz entseguak egin zituzten. Adibide gisa, Atletico-ko gazteek entsegu bat egin eta ospatzen ari ziren bitartean, Beltzak-eko gazteek erditik atera eta tantoa egin zuten.
Hiruko txapelketa
Azkenik, 18 urte azpiko taldeak Atletico San Sebastian eta Bera-Bera taldeen aurkako hiruko txapelketa jokatu zuen. Bera-Berak lortu zuen garaipena Atletico eta Beltzak taldeak irabazi eta gero.
Beltzak-ek Bera-Beraren aurka jokatu zuen lehenik. Lasarte-Oriako mutilek lehen erasoak ederki geratu zituzten eta “jokoa Bera-Beraren zelaira eramatea lortu zuten”.
Hala ere, amaierarako 2 minutu falta zirela Bera-Berak marka marra gainditu zuen. “Baina ez zuen transformatzea lortu eta partida 0–5 amaitu zen Bera-Beraren alde”.
Atletico San Sebastian-en aurka berriz, “nekea dela eta, ez ziren zelaian ongi moldatu”. Hala ere, partida aurrera atera zuten. Aimar Mitxelenak entsegua lortu zuen eta Salvat Amilibiak atean sartu zuen jaurtiketa.
Atleticok 10 minutu behar izan zituen berdinketa lortzeko. Horri erantzunez, Salvat-ek makiletara zuzendutako Drop bat jokatu zuen, baina ez zuen tantoa lortu. Azkenean zazpina berdindu zuten.
Kadeteak Tarazonara
Bestalde, ostirala honetan, Beltzak-eko kadeteek Tarazonara dute irteera. Bertan herriko taldearekin entrenatu eta lagunartekoa jokatuko dute. Taldeko arduradunek aipatu digutenez, Zarautz-eko Nazional II. Mailako taldearekin batera joango dira eta honi esker, gazteek gehiago ikastea espero dute.