Euskarak, atari eraberritua Buruntzaldean

Txintxarri Aldizkaria 2013ko irailaren 20a

Bailarako euskaltegiek matrikulazio kanpaina martxan dutela, Martin Ugalde XVII. Ipuin Lehiaketan parte hartzeko epea irekia dagoela, hauek azken egunotan Buruntzaldea Euskaraz web orrialdean sartu eta aurki dezakeguna. Baita non zer dagoen ere. Herriz herri, egun bakoitzean edota ekitaldi motaren arabera, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilen deitu diren hitzorduen berri jaso daiteke.

Musika emanaldiak, hitzaldiak, jaiak, txapelketak, erakusketak, ikuskizunak, ikastaroak… Aipatu sei udalerriotako ekitaldi eskaintza klik batera dugu, Buruntzaldea Euskaraz atarian. Esku eskura baita, euskarari loturiko diru-laguntzen informazioa, euskara ikasteko bailaran dagoen eskaintza, merkataritza edota ostalaritza alorrak euskalduntzeko materiala eskatzeko aukera, hartzaile ezberdinei zuzenduriko euskara sustatzeko baliabideak… Hori eta gehiago eskaintzen du egun, Buruntzaldea Euskarazek.

2008an jarri zuten martxan web orrialdea, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek elkarlanean. Ordutik eduki desberdinekin horni-tzen joan dira gunea; udalok euskara sustatzeko martxan jarritako kanpaina eta egitasmoekin esaterako. Baina teknologi berriak abiada batean aldatzen doaz, gaur nobedadea duguna, bihar zaharkitua geratu liteke. “Buruntzaldea Euskaraz” atariak bost urte bete ditu jada, eta goitik beherako errepasoa eman diote egitasmo honen bultza-tzaileek. Itxuraz berritu dute, baita eduki aldetik ere. Web orriak eskainitako arlo anitzetako informazioa berrantolatu dute, helburu nagusi batekin, “bisitari bakoitzak aurkitu nahi duena erraz topatzea eta informazio argia” jaso asmoz.


Itxura garrantzitsua, baina edukia are gehiago
Hartzailea, edo pantaila aurrean dagoen erabiltzaile horrek duen perfilaren arabera egokitu nahi izan dute diseinu berria. Gurasoek, euskara ikasten ari direnek, dendariek, enpresek… “zuzenean dagokien atalean sartu eta hor topatuko dute arlo horietan egin edo eskaintzen dena” adierazi dute Buruntzaldeko udaletatik. Diseinua landu duen enpresatik ere, web orrialdearen itxura berrituak baino mamiak duen garrantzia nabarmentzen dute. “Edukia da web gune honen altxorra. Hemen kontsultatu daiteke eskualdeko euskara sailen material eta informazio guztia. Irakurlearentzat interesgarriak izan daitezkeen edukiak zintzilikatzen ditugu, hala nola eskualdeko euskara sailen egitasmo, kanpaina, lehiaketak…”, adierazi dute Iametzatik. Lehen sakabanatua zegoen informazioa bil-tzeko lanak ere bideratu dituzte. Lehen “barreiatuak” zeuden sektorekako hiztegiak atal bakar batean jaso dituzte. Diru-laguntzen inguruko zehaztasunekin ere gauza bera egin dute. Aurrerantzean “beraz, informazio bera eskuratu liteke atal ezberdinetatik sartuta”. 


Bizia, dinamikoa
Buruntzaldeko udalek jendaurrean aurkeztu eta jada erabilgarri dagoen atari honetako eraberritze lanak egin dira. Baina ez guztiak, oraindik lanok ez dituzte amaitu. Atal batzuetako informazioa berrantolatzeke dute Burun-tzaldeko udalek. Edukiaren zati nabarmen bat berritu dute, baina ildo beretik, Iametzakoen esanetan, ataria aldi oro eguneratzen jarraituko dute. Web guneak bizia, dinamikoa izaten jarraituko du honenbestez.