Aldaz H.K. taldeak larunbata honetan Tolosala Hirukide taldearen aurka emango dio hasiera denboraldiari. Oscar Garcia entrenatzaileak azaldu digunez, aurredenboraldian ederki entrenatu du taldeak. Hala ere, partida gutxi jokatu dituzte eta esate baterako, lehengo asteburuan Intxaurrondon jokatutako torneoan taldeak ez zuen espero zen emaitza lortu. Izan ere, adierazi digunez, bi baja garrantzitsu izan dituzte, “urte askotan egon diren Gonzalo Serres eta Roberto Perez joan dira”.
Baina Aldaz-ek aurpegi berriak dituela ere jakitera eman digu, “gurekin jokatu zuen Mikel Escribano; Aierrun joka-tzen zuen Lezoko gazte bat eta Ibarra taldeko jokalari bat ere”.
Hauek taldeari kalitatea emango diotela aipatu du, baina bajak kontuan izanik, taldeak iazko maila ematea espero du.
Denboraldi gogorra
Helburu nagusia aurten maila mantentzea izango dela azpimarratu du. Izan ere, denboraldia gogorra izango da. “Nahiz eta Ibarra edo Santurtzi A mailan egon, Euskal Ligatik igo diren taldeak gazteak dira eta gainera, atzean talde garrantzitsuak dituzte”.
Lehen partida, aipatu legez, Tolosalaren aurka jokatuko dute larunbatean kiroldegian. Aldaz H.K.-ko mutilek ongi ezagutzen duten taldea da, “iaz ere lehenengo jardunaldian jokatu genuen haien aurka, launa berdindu genuen eta joanekoan, 4-5 galdu genuen”. Beraz partida interesgarria eta gogorra izango dela aipatu du Garciak, “Fisikoki oso ongi daude eta gazteak dira”.
Lehenengo postuaren bila
Bestalde, ISU Leihoak-ek hurrengo astean emango dio hasiera Gipuzkoako Ligari. Nahiz eta aurredenboraldia berandu hasi, prest daudela onartu du Eneko Molina entrenatzaileak. Taldeak ez baitu aldaketa handirik izan, “iazko jokalari berdinak ditut. Fitxaje berri bat egin dugu eta agian beste bat egingo dugu“.
Molinak aipatu digunez, hiru lagunarteko jokatu dituzte eta bakarra irabazi dute. “Espero genuen. Gure mailako talde eta bi maila gorakoekin jokatu ditugu partidak“.
Gainera, Gipuzkoako Ligan aldaketa askorik ez dela egon ere adierazi digu, “Laskorain eta Hiruki igo dira“.
Beraz, iaz egin bezala, Oiartzunekin lehenengo postuagatik borrokatu beharko dela onartu du. “Baina azkenean partida bakarrera jokatzen da guztia, ea aurten zorte hobea dugun“.
Lehenengo partida Tolosako Hirukideren aurka jokatuko du. “Aurten igo dira eta gauza gutxi dakigu taldeaz. Gure jokoa egin eta partida ongi kontrolatzea espero dugu“.