Anitzen Sarea aurkeztu du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2013ko irailaren 20a

Lasarte-Oriako Udalak Aztikerren laguntzaz "Anitzen sarea" jarri du martxan. Honen barruan, Worldkafe ekimena eta Aniztasunaren astea antolatuko ditu.

Gaur eguerdian, Pablo Barrio alkateak, Gorka Lizarraga Gizarte-Zerbitzuetako batzorde buruak eta Aztiker enpresako, Markel Ormazabal eta Arkaitz Martinez de Albeniz teknikariek "Anitzen Sarea" aurkeztu dute.

Alkateak azaldu moduan, "Lasarte-Oriak gaur egun duen ezaugarri nagusia aniztasuna da".

Horregatik, "aurrera begirako elkarbizitzan onurak ekar ditzan" kultura guzti hauen ezagutzan sakondu eta lan egitea beharrrezkoa dela adierazi du.

Lan hori egiteko Udalak "Anitzen sarea" aurkeztu du eta hau osatzeko hiru hilabeteko lanketa egingo dela jakitera eman du.

Ekintzak

Aztiker enpresako Markel Ormazabalek azaldu duenez, proiektuak bi atal izango ditu.

Lehenengoan, herriko diagnosia osatu eta aniztasuna sustatzen jarraitzeko proiektuaz hausnartuko da.

Honen harira, aste hauetan 33 elkarterekin elkarrizketak egin direla azpimarratu du.

Eta irailaren 27an, ostirala, 18:00etan Okendo plazan hitzordu garrantzitsua egongo dela ere azpimarratu dute, Worldkafea.

Bilkura lasarteoriatar guztiei irekia dago. Honetan, "Anitzen sarea" proiektua eta prozesua aurkezteaz gain, diagnosia osatzen jarraituko dute. 

Horretarako, herritarrak talde desberdinetan banatuko dituzte. "Herritar bakoitzaren bizipen eta iritzi trukaketa gauzatu nahi dugu giro goxoan kafe baten bueltan" adierazi du Aztikerreko teknikariak. 

Bigarren fasean, berriz, elkarteekin batera abenduan antolatu nahi den Aniztasunaren astea diseinatuko dela adierazi dute.

Lasarte-Oriako Udalak eta Aztiker enpresak "gure herriko jatorri eta kulturen arteko harremanetaz hitz egin, entzun, sentitu, hausnartu eta amestu" nahi duen herritar orori gonbita egiten diote hurrengo ostiralean Okendo plazan egon dadin, "aulki eta kafea izango duzue zain".