Udaletxe berria ofizialki inauguratuta dago

Txintxarri Aldizkaria 2013ko ira. 20a, 23:52

Bideoa prozesatzen ari gara. Itxaron pixka bat mesedez...
Antonio Mercero plazako ertz batean dauka sarrera nagusia Udaletxe berriak. Hantxe bildu ziren hainbat herritar egoitza berriaren aurkezpenerako Udalak prestatu zituen ekintzak ikusi eta batez ere entzuteko. Izan ere, musika talde askok jo zuten atariko eskenatokian eta Pablo Barrio alkatea izan zeremonia gidatu zuena. Hainbat elkartetako kidek euren esaldia Emozioaren Hormara gehitu zuten.

Euguraldi txarrari aurre eginez, tarteka zaparradaka eta tarteka ateri, Pablo Barrio alkateak hartu zuen hitza Udaletxe berriari ongietorria emateko. 

Lasarte-Oria udalerri dibertsoa, bizia, koloretsua eta aberatsa dela nabarmendu zuen, pentsatzeko, sentitzeko eta iritzia emateko "makina" gisa definitu zuen herria.
Lasarte-Oria munduko mapan koordenada bidez kokatu ostean, herri baten definizioa ematen saiatu zen alkatea: "Herri bat bizipen eta emozio arkitektura bat da, interes eta kontraesanak barne". Memoria lantzearen garrantzia ere azpimarratu zuen, memoria kolektiboa batez ere, herriaren memoria.
Ekaineko ekitaldian esan bezala, lasarteoriatarrak "bidaiariak" direla gogorarazi nahi izan zuen Barriok.  urteak joan urteak etorri, lats artean sortu zen herrian finkatzen joan ziren herritarrek eraikia. 
Hala ere, aurretik, udaletxe barrua ezagutzeko aukera izan zen Taxio Arrizabalaga zinegotziaren eskutik. Bi talde osatu ziren egoitza berrian bisita gidatua egiteko, euskarazkoa eta erderazkoa.
Aipagarria da eraikin zaharra eta berriaren aldearen adierazle lurraren kolorea izango dela. Beltza zaharrarena eta eraikin historikoak egon diren lur zatiena izango da, txuria berriarena, modernoarena.

Musika protagonista
Ekitaldi luze xamarra izan zen, aipatu bezala herriko hainbat musika taldek euren kantuak herritarren aurrean aurkezteko aukera izan zutelako. Makulu Kenek, Human Disasterrek Kaleanek, Tamerlaÿnek eta Zero Settek guztiz ezberdinak ziren musika estiloetako doinuak jo zituzten: metala, rocka, afrikar erritmoak, akordeoi soinuak... Anitza baita herria musikaren arloan ere. 

ARGAZKI GALERIA: http://txintxarri.info/galeria/552/