Martin Egaña eta Santi Garciaren omenez

jon-altuna-egitegi 2013ko irailaren 22a

Parte-hartze handia izan zen Michelingo kirolgunean igande eguerdian jokatu zen bolo txapelketan. Guztira 28 bolari aritu ziren nor baino nor, hiru kategoriatan banatuta: Gipuzkoa mailako txapelketa, Lasarte-Oriakoa eta emakumezkoena. Herritarrak bakarrik ez, Zerain, Segura, Olaberria, Hernani, Donostia eta Urnietako jendea ere hurbildu zen Santi eta Martinen omenez egiten den txapelketara, aurten hamargarren aldiz.

Bola jokoak tradizio handia izan du betidanik Lasarte-Orian, horren erakusgarri da urtea joan eta urtea etorri Egaña eta Garciaren oroimenekoan biltzen den bolari kopuru altua.
Probintzia mailako txapelketan Antonio Goenaga altzarra irten zen garaile, zortzi jaurtialditan 49 birla botata. Bigarren Miguel Burugain geratu zen, birla bat gutxiago botata. 
Hirugarren eta laugarren postuetarako desenpatea egin behar izan zuten J. Angel Belaunzaran eta J. Krutz Aranburuk, biek 47 birla bota baitzituzten. Azkenean, Belaunzaran urnietarrak 3 tiralditako desenpatean 18 birla bota eta Aranburu olaberriarak 17 bota zituen, beraz, brontzea Belaunzaranentzat izan zen.

Herriko txapelketa J. Antonio Montes Ostadarreko bolariak irabazi zuen (44 birla), Josean Lasa eta Josu Lasak baino lau birla gehiago botata.
Emakumezkoen mailan Rosa Santos hernaniarra gailendu zen Txaro Galán eta Maitane Egañare lasarteoriatarren aurretik. Santosek 28 birla etzanarazi zituen, Galanek 20 eta Egañak 15.

Emozio handiko sariketa 
Maila guztietako trofeo eta opariak J. A. Montes antolatzaileak entregatu zituen, eta berezia izan zen Egaña eta Garciaren alargunei oroigarria eman zitzaien momentua. Maria Dolores Solano eta Rakel Marinek bihotzez eskertu zuten detailea.
Sari berezirik ere izan zen atzokoan. Antonio Goenagak jaurtialdi batean zazpi birla birritan bota zituenez, txapelketa osteko sariketan errekonozimendu berezia jaso zuen. 

Bolari faltan
Jose Antonio Montes Ostadar SKT-ko bola-joko saileko arduradunak azaldu digunez, 2013-2014 denboraldi amaieran Euskal Herriko txapelketa izango da Lasarte-Orian.
Horregatik, gure herrian taldea osatu nahi du eta herritarrak animatu nahi ditu bola-jokoan parte hartzera.
Interesa duenak kirol guneko bolatokira hurbildu daiteke larunbatetan goizeko 11:00etatik 12:00etara.