Euskal Jaia berpiztu nahian

Txintxarri Aldizkaria 2013ko irailaren 23a

Urriaren 19an Euskal Jaia ospatuko da Okendo plazan. Herriko hainbat elkartek sustatuta antolatuko da jai egun berezi hau eta herritarrak baserritar jantziarekin kalera ateratzera animatu nahi dituzte. Garai bateko Euskal Jaia berpiztea da asmoa. 1927. urtean izan ziren Lasarte eta Zubietan Euskal Jaiak, bigarrena Biyak Bat elkarteak antolatuta ere.

Egun Donostia eta Zarau-tzeko Euskal Jaiak dira denontzat ezagunenak baina XX. mende hasieran herri eta auzo askotan ospa-tzen ziren. Euskal Jaiak Euskal Pizkundea mugimendu euskaltzalearen inguruan sortu ziren. Korronte hartan ere kokatu behar dira 1927. urtean Zubietan eta Lasarten ospatutako Euskal Jaiak. 

Ez da asko jaien inguruan aurki daitekeen informazioa hortaz, ezin zehaztu zenbat urtetan izan ziren Lasarteko kaleetan. Hori bai, 1927. urtean irailaren 9an Lasarten ospatu ziren, ondoren Michelin fabrika kokatu zen lur sailean, eta 1927. urteko urriaren 2an Zubietan Lasarteko Biyak Bat herriko lehenengo elkarteak antolatuta. 

Egitaraua
Euskal Jaian herritarrek baserritar jantzia janzten zuten eta jai giroan, euskal dantza erakustaldiak eta herri kirolak antolatzen ziren. Euskal Ezkontza ere egin zuten Lasartekoan gurdia eta guzti argazkiei esker jakin dezakegunez. Biyak Batek Zubietan antolatutakoaren egitarau osoa iritsi zaigu ordea. 1927. urteko urriaren 2an goizeko zortzietan ekin zi-tzaion festari. Ordu horretan Oriatik eta danbolinaren doinuek lagunduta, erromerian Zubietaraino joateko aukera izan zuten herritarrek. Hara iritsita, goizeko bederatzietan Meza Nagusia egin zuten Zubietako abesbatzak girotua. Jarraian tiro txapelketa egin zuten, honetan izena ematea aurrez egin behar zuten parte hartzaileek, gehienez 60 onartu ziren eta bi pezeta ordaindu zituzten. 

Pilota partida egin zuten elkarteko bikotea Zubietako bikote baten aurka. Ondoren Atletico Lasartearrako kideek aurreskua dantzatu zuten eta hiruretan erromeriari hasiera eman zioten. Bitartean toka eta bolo txapelketa jokatzeko aukera izan zuten, hauetan parte hartzeko egunean bertan izena emateko aukera eman zuen elkarteak eta bi pezeta ordaindu behar izan zuten parte hartzaileek bolotan aritzeko eta bat tokan jokatzeko.

Lauretan Oriako Sorgin Dantza ikusteko aukera izan zuten eta jarraian herri kirolak, harri jasotzaileak Jose Miguel Arruti eta Oriako Egaña izan ziren. Arratsaldeko seietan Biyak Bateko abesbatzaren emanaldia izan zen eta txalapartariei tartea egin zitzaien honen baitan. Kontutan izan behar da 60.hamarkada arte ez zela berriro gizarteratu Arzetarren ekimenez Ez dok Amairuren ekintzen baitan txalaparta Zuaznabar anaiekin.  Azkenik, Lasartera abiatu eta dantzaldiarekin festari amaiera emateko aukera izan zen gaueko hamarrak bitartean.

Euskal pizkundea
Euskal Pizkundea edo ondoren lehenengo Pizkundea bezala ezagutu dena, euskal literaturak bizi zuen garai emankorrari deitu zaio, garai hau XIX. mendeko bigarren erdialdetik XX. mendeko lehen erdialdera arte luzatu zen.  Mugimendu euskaltzalea Hegoaldeko lurraldeetan gerra karlistak galdu eta foruak deuseztatu zireneko galera sentimenduarekin dago  lotuta, erromantizismoaren eraginarekin.
Euskal gizartean sortutako mugimendu hau ordea bi gertakarik mugatu zuten, lehenengo Hirugarren Gerra Karlista eta ondoren, Espainiako Gerra Zibila, 1876tik 1936 arte iraun zuen Hego Euskal Herriaren kasuan. Mugimendua kulturala eta politikoa izan zen abertzaletasuna sortu zen orduan ere.  

Giro horretan Euskal Herriko hiri eta herrietan, Antton Abadiak sustatutako lehenengo Lore Jokoekin harremanduta, Euskal Jaiak antolatzen hasi ziren. Lasarteko euskaltzaleek, giro hartan antolatu zituzten 1927.urteko Euskal Jaiak.


Euskal festak hipodromoan
Hala ere, herritar askoren gogoan dago ondoren ere baserritarrez kalera atera eta euskal dantza ikuskizunez gozatu izana. 
1950. hamarkadako hainbat dantzari irudi Euskal Jaiak titulupean izendatzen dira baina ezin daiteke zehaztu benetan Euskal Jaiak ziren ala bestelako jai edo ospakizunak. 
Iturri ezberdinek adierazi moduan, dirudienez, edozein aitzakia ona zen herritar ba-tzuentzat jaiak edota festak plazan antolatzeko. Askotan diru bilketak egiteko aitzakia ziren festak eta hauen baitan euskal dantza erakustaldia antolatzea ohikoa zen. 

Bestalde, hipodromoan Euskal Jaia antzekoak antolatu zituen Donostiak urteetan. Herritar batzuk aipatzen dutenez karroza ederrak ikusten ziren egun horretan eta lasartearrek ohitura zuten festara baserritarrez jantzita joatea, batez ere haur eta gaztetxoak. Hala ere, Euskal festa baino, udaberriko edo udako festa izenez ezagutzen zirela gogoan dute.