Kulturartekotasuna modan dagoen kontzeptua da. Lasarte-Orian kulturartekotasuna lantzeko asmoz lehenik txosten bat egin zuen Udalak eta egun “Anitzen sarea“ jarri du martxan hau lantzeko. Honen barruan, Worldkafe ekintza egingo da hurrengo astean. Jone Miren Hernandez herritarrak gaia landu du eta honen eta ikerketaren harira, harekin solasaldia izan dugu.
Zer da kulturartekotasuna?
Nik esango nuke maila teorikoan dagoen kontzeptua dela. Ez dakigulako ziur zer den, helburu bat den edo ez eta helburua bada nola garatu eta gauzatu. Nahiko kontzeptu abstraktua dela esango nuke.
Mendebaldeko gizartean azken boladan populazio mugimendu desberdinak direla eta, hainbat lekutan jende desberdina joan dela kokatzen. Desberdina esan nahi dudanean kultura aldetik ari naiz hizketan, jatorria, hizkuntza, sinesmenak, etab.
Honek tradizio luzea du, gizakiak beti mugitu dira. Baina momentu batean mugitze horrek eta elkartze horrek hainbat toki edo komunitateetan arazoak sortu ditu. Bat batean hori kezka bihurtzen da eta momentu horretan ikerlari edo politikari edo eragileak hasten dira horretaz kezkatzen eta fenomenoa bera aztertzen.
Zein elementu nagusi daude kulturartekotasunean?
Alde batetik, kulturartekotasunaz hitz egiten dugunean, errealitate bat dago edozein herri edo komunitatean dagoena eta bestetik batzen diren gizakiak, haien kultura, sinesmen... haien errealitatea.
Eta helbururik ba al du kulturartekotasunak?
Horren azpian badago helburu bat dela jende desberdina nolabait harremanetan jarri, elkartrukea bultzatu, elkarren arteko harremanak, ezagupena... Baina urteetan eta mendeetan nahiko modu sinplean eman da.
Lasarte-Orian nola islatzen da egoera hori?
Lehenengo populazio mugimenduen eraginak duela hamarkada batzuk hasi ziren nabaritzen. Estatuko jendea etorri zen Euskal Herrira orokorrean eta konkretuki Lasartera hainbat lantegi zeudelako, besteak beste Michelin. Jendea behar zen lanerako eta orduan hor egon zen lehenengo bolada edo.
Azkenengo hamarkadan, hasi dira bestelako etorkin batzuk.
Baina ez dakit zein punturaino izan den kezka.
Udalak ikerketa bat egin du eta kultur desberdineko pertsonen iritziak jaso ditu...
Nik positiboki hartzen dut populazio mugimendu horien inguruan jendeak zein nolako diskurtsoa daukan, nola sentitzen den... jakitea eta alde desberdinetatik.
Komunitate edo herri batean dagoen giroa ere ikusteko balio du.
Interesgarria da sentipen, bizipenak jakitea. Kudeatu behar baduzu eta, kasu honetan, Udaletxeak edo bertan dauden tekniko edo zinegotziek elkarbizitza hori kudeatu behar badute, hau baita haien eginbeharreko bat, zein nolako giroa edo pertzepzioa dagoen jakitea interesgarria da. Gero ikusi behar da horrekin zer egin. Ez da inolaz gai erraza.
Ikerketan beste kulturekiko jarrera desberdinak daudela ikusten da...
Hor fenomeno kurioso bat gertatzen da, pentsatzen ematen duena.
Nik uste dut orokorrean mundu guztiak positiboki baloratzen duela beste kultura batzuk ezagutzea.
Bidaiatzea baloratzen da zerbait positibo bezala, aberasgarria kontsideratzen delako.
Besta gauza bat da hona etortzen direnean. Beste herri batzuetako jendea datorrenean hori aldatzen da eta hori oso kuriosoa da.
Jendea hona etortzen denean errezeloak sortzen dira, kontziente garelako hemen errekurtso batzuk daudela mugatuak direnak, lana dela edo dirua edo dena delakoa.
Beraz, testuinguruak ere badauka eragina horretan. Ekonomia nola dagoen ikusi behar da... beste fenomeno batzuk ere aztertu behar dira.
Nahiko konplexua da. Nik hori uste dut egoera bat da non elementu asko kontuan hartu behar diren.
Eta batzuetan komunitatea bera jasotzen duena nola dagoen sozialki, ekonomikoki... horren arabera beste batzuk etortzea ondorio batzuk sortu ditzake.
Hemengo kulturarekiko jarrera ere aztertzen da ikerketan...
Bai. Izan ere, askok etortzen direnean ez dakite edo ez daukate informazio guztia. Gero etortzen direnean konturatzen dira hori ez dela zuzena.
Hori beti gertatzen zaigu, aurreiritzi batzuk ditugu zenbait lurraldeei buruz edo bere egoerari buruz eta iritsi arte ez dugu hango errealitatea benetan jasoko.
Eta gero zer gertatzen da, jakinda ere hizkuntza eta kultura bat dagoela, bertara iristean gizarte horretako kontrastea ezagutzen da.
Ikusten da hizkuntza hori zenbat erabiltzen den edo zenbateraino dagoen zabaldua, zein garrantzia duen gizartean, maitatzen den... Eta nire interesaren edo bizipenaren arabera, gehiago joko dut hizkuntza eta kultura horretara.
Horregatik nik ere lehen aipatu dut, batzuetan ez dela bakarrik kanpokoak nola datozen, baizik eta hemen gizartea bera nola dagoen.
Beraz, herriren egoera ere aztertu beharko litzateke...
Hori ere garrantzitsua da, kanpotik datorrena segituan jabetzen da nola dagoen egoera eta horren baitan jokatu dezake.
Gure egoeraren ahulezia nabarmen geratzen da oraindik, horrela delako hizkuntzaren egoera edo dena delakoa.
Horregatik besteari buruz hausnartu bai, baina gure buruari buruz ere egin beharko litzateke. Nola gauden prestatuak edo prest gauden beste komunitate batzuei gure egoera, gure hizkuntza, gure kultura erakusteko eta nola gauden gu gure buruarekin.
Gure kasuan, euskal kultura galtzeko beldurra izan daiteke...
Gaur egun nik ez dakit hainbeste beldur edukiko nukeen. Globalizazio prozesuekin, nahiz eta jende asko ez etorri, kanpokoekiko eragina eta harremanak gero eta handiagoak dira.
Teknologia berriekin ere fisikoki ez duzu mugitu behar derrigorrez beste kultura, hizkuntza edo beste ezeren eragina jasotzeko. Ez da beharrezkoa norbait etortzea edo zu hemendik ateratzea. Gaur egun mugitu gabe eraginak iristen ari dira etengabe. Lan kontuengatik edo ikasketengatik, gazteak ere konektatuak daude...
Familia batzuk fisikoki jasotzea, noski eragina daukala. Baina gaur egun kulturen merkatuan bizi gara, mugitu gabe erosi dezakegu ez dakit zer ez dakit non...
Hori ere berezia da kasu honetan, momentu honetan. Onerako eta txarrerako, baina eragina hor dago. Euskal kultura eta euskal munduan ibiltzen garenok badakigu...
Zeintzuk izan daitezke kultura desberdinak batzeko moduak? Topaguneak?
Ez dakit zein nolako proiektuak sortu daitezkeen jendea batzeko.
Esate baterako, 60 edo 70. hamarkadan Lasarte herria ez zenean, herrian arazoak zeuden, eskolak falta zirelako edo medikua eta ura, hori zen oinarrizko behar bat eta mundu guztia hangoak eta hemengoak momentu batzuetan batu behar izan ziren horri aurre egiteko.
Honek laguntzen du bestelako harremanak sortzen, neurri batean, baina gaur egun gizartean indibidualismorako joera dago.
Eta topaguneena izan daiteke abiapuntu bat, baina nik uste dut denbora behar dela. Zentzu horretan epe ertain edo luzerako perspektiba bat jarri eta gauzak egiten joan edo saiatu.
Gauza asko egin daitezke eta prozesua lagundu. Eta egongo da jendea errazago txertatzen dena prozesu horretan eta bere bizipen aldetik gehiago murgilduko dena. Baina uste dut batez ere, denbora behar dela.
Zergatik diozu hori?
Ez da hain erraza bi jatorri, hizkuntza, sinesmen desberdinetako pertsonak batu eta bakarrik topagune bat sortu duzulako harremanetan jartzea.
Helburuaren arabera, hori ongi egon daiteke. Elkartu dira, elkar ezagutu dute eta listo. Baina pertsona horiek elkarlanean jarri nahi badituzu...
Lasarten ikusi dena adibide gisa, zenbat hamarkada pasa dira eta oraindik Estatuko eta hemengo jendearen arteko gauzak hor daude. Eta pasa dira lau hamarkada, orduan pentsa. Pertsonei buruz ari garenean denbora klabe bat da eta nik uste dut beharrezkoa dela.
Lan asko dago beraz egiteko...
Bai. Eta hasieran komentatutakoa, jakin behar da inguruan dagoen guztia ere, testuinguru ekonomikoa, soziala... nola joaten den.