Tximistarreta plazaren etorkizuna erabaki dute herritarrek

Txintxarri Aldizkaria 2013ko irailaren 26a

Tximistarreta gunearen izena herritarren parte-hartze bidez aukeratu zen, ostean udalak bertako bizilagunak, jubilatuen etxeko ordezkariak, Gaztelekuan ibiltzen diren gazteak, Sasoeta-Zumaburuko ikasleak, Sasoeta-Zumaburuko gurasoek elkarteko guraso eta haurrak, Andrejoakinako Haur Eskolako haurrak, Jalgune elkarteko kideak eta ingurumenaren arloan ibiltzen diren elkarte ezberdinak batuz plazaren diseinua zein izan behar den landu dute hainbat hilabetetan. Gaur izan da talde honen azken bilera eta dagoeneko erabakita dute nolakoa nahi duten izatea Tximistarreta.

Tximistarreta plazak itxura berria izango du udaberritik aurrera "dena ondo bidean" Alaitz Mendizabal parte hartze batzorde buruak aipatu moduan. Lanak gauzatzeko 208.000euroko aurrekontua du udalak eta herritarren diseinua kopuru honekin gauzatzea posible ikusten dela esan zuen.

Lehenengo herritarren bozketarekin erabaki zen plazaren izena eta orain dagoen berdegunean zer kokatu eta nola erabakitzeko, herritarrekin prozesua burutu dute Hirigintza eta Parte hartze departamenduek elkarlanean.

Horrela adin guztietako herritarrak elkartu dituzte bilera ezberdinetan plazaren diseinua adosteko. Egindako proposamen guztietan belarra nahi izan da. Gehienek hori bai itzala egiteko zuhaitzekin irudikatu dute plaza, horien azpian mahai batzuk, eserlekuak eta umeentzako jolasak, iturri gehiago ere eskatu dituzte.

Azken bilera honetan udaleko teknikariak izan dira herritarrek eskatutakoak gauzatzeko arazoak dauden edo ez argitzeko, Ibon Rosales udal arkitektoak azpimarratu du zuhaitz txikiak izan beharko direla bertan jarri beharrekoak, gainontzean arazorik ez dagoela argituz.

Mendizabalek oso aberasgarritzat jo du Tximistarretan herritarrekin egindako bilera eta dinamika ezberdinak. Aurrerantzean hau da zinegotziarentzat jarraitu beharreko bidea "herritarrek, bertako bizilagunek dakite nola nahi dituzten parke, plaza, zerbitzuak etab beraiek izango dira eta erabiltzaileak".