Lasarte-Oria udalerri gaztea da eta independentziaren lorpenaren lekuko izango da betirako udaletxe zaharra. 1986. urtean udalerri izan arte Hernani eta Urnietako udalen menpe zegoen Lasarte-Oria.
Bi udalek urtero auzo-alkateak izendatzen zituzten beren udalen ordezkari gisa. Hauen eskumenak mugatuak ziren eta edozein gertaera 24 orduren buruan Hernani zein Urnietako alkateari jakitera eman behar zieten. Hala nola, soldatapeko aguazil bana zegoen hauen zerbitzupean. Lasarteko auzo-alkateak Hernanik jartzen zuen.
Hau dela eta XIX. mendean bi kontzeju-etxe zeuden Lasarten bata Hernani eta bestea Urnietarena. Hauetan zentralizatzen zuten auzoko gorabeheren administrazioa.
Hernanik eraikia
Hain zuzen Hernaniko Kon-tzeju etxea izan zen udaletxe zaharra. XVIII. mendean, 1736. urteko uztailean erabaki zen bertan eraikitzea.
Hala ere, San Pedro aurreko etxeak, Olajaunzarraenea edo garai hartan Baroiaeneak jabea zuen Juan Antonio Artusa eta saltzeko eskaerari ezetza eman zuen.
Jabea salmenta hitzartzera deitu zuten Hernanira eta agertu ez zenez, etxearen jabetza kentzeko prozesua martxan jarri zuten. Azkenean ordainsaria adostuta ekin zioten Kontzeju etxea eraikitzeari. Baserria eta inguruko baratzak eskuratuta.
Baserriaren orubetan bi eraikuntza egin ziren batak udaletxea eta kartzela jaso zituen eta besteak, komentuaren aldera eta udaletxeari erantsita Artusatarren etxe berria. Honek garai bateko izena mantendu zuen Olajaunzarraenea eta Maria Antonia Aizpuruak 1788.urtean testamentuan utzi zion etxea komentuari.
Kontzeju etxea
Zabalduta, honen atzeko aldean emakumeentzat kar-tzela egon omen zen, beheko solairuan taberna eta hau hartzen zuen pertsona berak errentan hartzen zuen etxebizitza. Egongela auzo-alkateari utzi behar zion agintaritzako lanak bete zitzan. Kartzela beheko solairuko gela batean zegoen kokatuta, eguraldi txarreko egunetan baserritarrek euren barazkiak arkupetan saltzen zituzten, pilota partidak eta dantzaldiak ere egiten ziren hauetan, hasiera hartan hiru eskailera jaitsi behar ziren sartzeko. Eraikuntzaren atzean zaldientzako ukuilua zegoen. Gaineko bi solairuetan, gela batzuk, tarteka alokatzen zirenak, esaterako aguazilari gela horietako bat zegokion bizitzeko. Geroago mutilen eskola jarri zuten eta irakasleentzako etxebizitza bihurtu ziren gelak.
Erabilera anitzak
Urteak aurrera zerbitzuak gehitzen joan ziren bizilagunak gehitzen ziren neurrian. Sarreran korreos, udaltzainak edo serenoak eta idazkariarentzat lekua zegoen. Goian “Escuelas Nacionales” delakoak kokatu ziren. Neska eta mutilen gelak egon ziren, bi taldeetan banatuta haur eskola modukoa batean eta bestean ondorengo mailak.
Askok gogoratuko dute nez Don Eduardo irakasle lana egiteaz gain, praktikantea ere bazen eta Antonio Castro udaltzainaren etxeko gela batean jartzen zituen txertoak. Aipatu behar da udaltzainek baita irakasleek ere, bertan bizitzeko aukera zutela.
Horrela iritsi zen Castro familia bertara. 1955.urtean Antonio Castro udal-tzaina emaztearekin ganbaran hasi zen bizitzen, ondoren, beste udaltzaina, Oiarbidek bere etxea utzi zuenean bertara jaitsi zen bikotea. 1985.urtea arte egon zen bertan bizitzen familia eta urte gogorrenak Guardia Zibilarekin bizitakoak izan ziren testuinguru politikoa zela eta.
Frankismoa eta Trantsizioa
1961.ean Torre etxea erre eta Guardia Zibila pasa zen Udaltxearen eraikinera. Bertan egindako urteak gogora-tzen dituzte herritar askok, trantsizio garaiko giro politikoaren baitan hainbat izan ziren herritar eta Guardia Zibilen arteko liskar eta istiluak. Hasieratik egon zen kartzela hura, kalabozo bihurtu zen. “Oso garai gogorra izan zen. Jipoiak etxetik entzuten genituen batzuetan eta aita ezin eutsi, jaitsi eta jendea ateratzeko bitartekari izaten zen. Horrek noski asko txartu zuen “bizilagunen” arteko harremana”.
12-15eko taldea zen eta bertan bizi ziren. “Etxebizitza handiak ziren, lau logelakoak eta bertan literatan antolatuta egiten zuten bizitza”. ETAren atentatuen ondorioz, tiroketa izan zen elizaren arkupetatik udaletxera, “tiroen aztarnak denbora askoan geratu ziren paretetan eta jendeak beldurra zuenez aurretik ere ez zen pasatzen. Nire anaia tiroketa baino momentu bat lehenago iritsi zen etxera zaborra bota-tzetik, pentsa”. 1976.urte inguruan utzi zuen Guardia Zibilak herria. Ondoren, herriko gazte talde batek okupatu zuen lehen solairua eta berehala iritsi zen Udaletxea izango zelaren erabakia. 1985.ean Udaletxe bihur-tzeko hainbat konponketa egin ziren egitura mantenduz.Lan horietan Olajaunzarraeneaz baliatu behar izan zuen udalak hainbat zerbitzu bertan kokatzeko.