Euskara ikasteko aukera Ona eta Merkea” lelopean jarri ditu martxan udalak euskara ikasteko diru laguntzak. Beka hauek eskuratu ahal izango dituzte homologatutako edozein euskaltegitan matrikula eginda duten herritarrek.
Baldintzak, asistentzia %90ekoa izan beharko da ikasturtean, Lasarte-Oriako udalarekin zorrik ez izatea eta ikasturtea amaitzerakoan 16 urteak beteta izatea.
%40 eta %75 bitarteko diru laguntza jasoko dute herritarrek baldintzen arabera. Horrela udalak hainbat talde finkatu ditu. Edozein herritarrentzat, Lasarte-Orian erroldatutakoa eta aurreko baldintzak betetzen dituenak, matrikularen %40 -ko lagun-tza jasotzeko aukera izango du. Gurasoek, aurreko baldintzak beteta, 5 urte edo gutxiagoko haurra badute, %75 arteko beka eskuratu ahal izango dute. Herriko enpresaren batean lan egiten duten langileek ordea, aurrez aipatutako baldintzak beteta %75 artekoa ere izango dute eskuragarri. Aukera bera izango dute eskola orduz kanpoko begirale bezala ibiltzen diren lasarteoriatarrek.
Laguntza hauekin Udaleko euskara batzordetik herritarrak animatu nahi dituzte euskara ikastera.
Udal euskaltegian aukera
Udal euskaltegian 23an, astelehenean, ikasturtearekin hasi ziren arren, taldeak osatzeko aukera dago maila guztietan bere zuzendariak azaldu moduan eta zalantzan dauden herritar horiek animatu nahi dituzte gerturatu eta izena eman dezaten. “Matrikula epea gainditu da baina maila guztietan taldeak osatzeko aukera dugu oraindik beraz animatu daitezela herritarrak, talde anitzak dira, adin guztietako jendea dago eta momentuz emakume gehiago dago beraz ea mutilak animatzen diren”.
Udal euskaltegiak eskain-tzen duen ordutegia aurreko ikasturteetakoa da, goizean 9:00etatik 11:30 bitartean, 15:00etatik 17:30era eta 18:30etik 21:00ra.
Autoikaskuntzarako aukera ere badu HABEk. Honetan ikasleak 190 ordu egin behar ditu, ordenagailuaren aurrean 156 ordu eta 26 orduko min-tzapraktika, “gure ikasleek gehiago egiten dituzte euskaltegira etorri eta klasetan integratzen direlako”, horretaz gain 8 ordu tutoretzarako aurreikusten dira baina ikaslearen beharretara egokitzen dituzte. Ikaslearen helburua titulua ateratzea bada, lan gehiago ere ematen zaiola dio euskaltegiko zuzendariak.
Muntterin azken eguna
AEK Muntteri euskaltegian berriz, gaur izango da izena emateko azken eguna baina beti ere, astelehenetik aurrera taldeak osatzeko aukera izango dela dio bere arduradunak.
Eskaintza zabala du ordutegietan eta maila guztiak eskaintzen dira. AEK-k ere online ikastaroak martxan ditu euskara euren kabuz ikasi edota hobetu nahi dutenentzat.
Beraz, izena emateko epea gainditu dutelakoan euskara ikastea datorren ikasturterako utzi duten herritarrek aitzakiarik ez dute herriko euskaltegietara gerturatu eta euskara ikasten hasteko.