Entrenamenduak eta ikastaroak. LOKE ataleko judokak gogor ari dira lanean ikasturtea prestatzen. Gorka Aristegi entrenatzaileak adireazi digunez, “erritmoa hartzen“ ari dira.
Aurten iaz bezala herriko judokek emaitzak eta dominak lortzeko prest daudela onartu du entrenatzaileak. Honela, Asier Sagasti seniorrean dauzkate itxaropenak. “Iaz denboraldi ederra egin zuen. Zorte txarrez lanean lesionatu egin da eta sendatu arte itxaron beharko du“. Hala ere, Oscar Garrido, Fermin Balda edo Haritz Urdangarin kadeteak ere ederki ibiliko direla adierazi du. “Gainera hauekin asko lehiatuko gara. Espainiako kopako probak dituzte. Galiziara, Murtziara, Frantziara joango gara,“ aipatu du Aristegik.
Junior mailan, berriz, Mario Garrido azpimarratzen du. “Belaunean min hartu zuen denboraldi amaieran, serioa izan zen eta ongi sendatzen denean, ederki ibiliko da“.
Eta maila honetan ere beste judokaren bat nabarmendu daitekeela onartu du. Hala ere, “hiru judoka bueltatu dira eta besteak unibertsitatean daude. Beraz, ikusi beharko da haien garapena“.
Lehiaketak
Gauzak honela, urrian hasiko dituzte lehiaketak. “Kadeteak urriaren 11-13 Vigora doaz Espainiako kopako proba batetara, hurrengoan Frantziara, azaroan Aviles, Hondarribi...“
Gainera nazioarteko txapelketatan parte hartuko dute, hala nola, Frantzian. “Frantzia oso gertu dugu eta gustatzen zaigu bertan egiten den judoa. Oso polita da, oso garbia eta gustura joaten gara. Iaz Italian izan ginen Palermon. Aurten ez dakigu oraindik“.
Honetaz gain, Hondarribiko Ama Guadalupeko eta inguruko beste taldeekin antolatzen diren infantil, alebin eta benjamin mailako ligak ere aipatu ditu. “Kirolari guztiek ez dute maila berdina. Denak ezin dira Espainiako kopetara joan. Honetan maila handia da, Espainiako txapelketan bezala. Besteek ere behar dituzte haien mailako txapelketak eta horiek antolatzen saiatzen gara“.
Parte hartu
Honela, lasarteoriatarrak animatu nahi ditu judoa egitera “zazpi urtetik aurrerako herritarrak etor daitezke. Umeak, gazteak, helduak, neskak...“
Entrenamenduak zazpi eta hamaika urte arteko haurren-tzat, astelehen eta ostiraletan dira, 18:30tik 19:30era eta hamaika urtetik gorakoen saioak astelehen, asteazken eta ostiralaetan dira 19:00etatik aurrera. Saio guztiak Kiroldegiko tatamian dira.