Vanessa Velez PP-ko zinegotzi bakarra da. Bigarren legealdia da herrian eta eroso sentitzen dela dio. Udalbatzarretan euskaraz entzutea arraroa egin zaie askori. Ideologia politikoak hizkuntzarekin zerikusirik ez duela defendatzen du.
Eroso zaude udalean?
Nahiko eroso nago. Egoera politiko berriarekin askoz hobeto. Aurretik Andoainen egon nintzen eta oso gogorra izan zen garai hura. Lasarte-Orian betinahiko ondo egon naiz, legealdi honetan ere hasiera ez zen erraza izan. Bilduk nire ideologiagatik, beste jarrera bat espero zuen niregandik adibidez. Politikoki aldea oso nabaria da baina herritarrek nahi dute gu batera lanean ikustea. Azkenean herrigin-tzan errazagoa da adostasunerako puntuak topatzea.
Lan giro ona duzue?
Kostatu zaigu, landu dugu esan bezala eta orain bai. Bakoitzak bere ikuspuntuak defendatzen ditu gainontzekoen errespetuarekin eta hori niretzat garrantzitsua da.
Plenoetan beti euskaraz egiten duzu.
Ez dakit zergatik harritzen den jendea. Nire ustez urte askotan euskara gaizki erabili da. Beti defendatu dut euskara denona dela, dakitenena baita ez dakitenena ere eta hizkuntza ez dagokio ideologia bati. Belaunaldi berriek normaltasunez egiten dute euskaraz eta hor dago abiapuntua. Normaltasun horretan, euskal hiztunen artean ideologia guztiek dute lekua. Niretzat Korrikan parte hartu ahal izatea gauza handia izan da adibidez. Batetik jaialdi jendetsuetan egotea pentsaezina zelako duela bi urte eta bestetik, euskararen jaian bat gehiago nintzelako.Pena hartu nuen, etxean Txintxarrik egindako bideoa ikusi eta alkatea, ibilbidearen beste momentu batean, beste aldarrikapen politikoak egiten ikustea. Ez zitzaidan gustatu, euskara aldarrikapen horietatik kanpo geratu behar da.
Herritarrek zure parte hartzea baloratu zuten?
Jende askok komentatu zidan. Herritarrak poliki-poliki konturatuko dira presenteago gaudela, normalak garela. Egon den egoera politikoarekin, ETAren mehatxuarengatik, PP-koak isolatuta egon gara. Ez da bakarrik beldurra genuela, nolabait egoerak behartuta, bizkartzainak etab. guk ezin genuen herriaren egunerokoan parte aktibo izan, herriko festetako ekintzetan normaltasunez parte hartu adibidez. Garai berrihonetan esan bezala, jende askok ikusiko du normalak garela, ez gara Espainiatik etorri eta udaletxeetan sartu, hemengoak gara eta euskaldun sentitzen gara.
Euskaldun berria zara?
16 urte bete arte B ereduan ikasi nuen. Ondoren batxilergo internazionala egin nuen eta unibertsitatean gazteleraz ikasi nuen Enpresaritza eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ondoren. Duela zazpi urte Hizkuntza Eskolan izena eman nuen, azken azterketa egiteko garaian, haurdun nengoen, alaba aurreratu zitzaidan eta ezin izan nintzen aurkeztu. Iaz B2 mailara aurkeztu eta gainditu nuen eta aurten C1 mailarekin saiatu naiz baina ez dut pasa. Hitz egiteko zailtasun batzuk ditut baina ondo moldatzen naizela uste dut, azterketetan, idatzian batez ere, eskatzen dituzten gauzekin harritzen naiz batzuetan, gainera hasi nintzenetik Euskaltzaindiak gauzak aldatu ditu eta lehen zuzena zena, orain ez!
Etxean euskaraz egiten duzu?
Seme-alabekin euskaraz hitz egiten saiatzen naiz. Senarrak dena ulertzen du baina orain hasi da serio ikasten.
Zure blogean bi hizkuntzetan idazten duzu.
Euskaraz idaztea animatzen naiz bai baina beldurra ematen dit. Askotan begiratzen dut idatzitakoa, bueltak ematen dizkiot testuari, akatsen beldur naiz… Egia da ere bloga pertsonala dela. Lagun baten bitartez hasi nintzen eta oso gustora egiten dudan gauza bat da.
Sare sozialetan ibiltzen zara ezta?
Bai Twitter oso tresna ona iruditzen zait. Egun ia twitter bidez informatzeko ohitura hartu dut, sartu eta bertan ditut albiste guztiak gertatu ahala gainera. Hori asko gustatzen zait. Horretaz gain, politikan gaudenontzat erabilgarria da herritarrekin harreman zuzena izaten ahalbidetzen digulako.
Sare sozialen erabilera defendatzen dut baina jakinda zer diren. Izan ere, irudipena daukat politikan, baita beste esparru batzuetan ere, jendeari Twitter erabiltzeko eskatzen zaiola zer den ondo jakin gabe eta gero gertatzen dira gertatzen direnak.
Facebook-a ere badut baina pertsonalagoa, intimoagoa dela iruditzen zait eta erabilpen hori ematen diot, soilik lagunak.
Zer da legealdian gauzatuta ikusi nahiko zenukeena?
Nire asmoa, kontutan izanda oposizioan eta PP-ko zinegotzi bakarra naizela, hasieratik elkarlana izan da. Herritarren onerako direnak egiten saia-tzen naiz, adibidez aurrekontu proiektuari hainbat emendakin aurkeztu eta beste alderdiek onartu zituzten. Hori da egin beharreko lana.
Horretaz gain, bizi dugun egoera ekonomikoan zaila dauka udaletxeak, baina langabeziaren aurrean zerbait egin beharko genuke. Jendeak uste du udaletxeak berak kontratatu behar dituela langileak baina ez da horrela. Adibidez Michelin II proiektua, hotela, niretzako bi proiektu horiek arazoari nolabaiteko irtenbidea ematen saiatzen ziren, ez ziren asko baina lanpostu batzuk sortuko ziren aurrera atera izan balira. Udaletxeak herrian enpresak zabaltzeko erraztasunak eskaintzea ondo ikusten dut. Gutxi badira ere, sor ditzaketen lanpostuak oso garrantzi-tsuak iruditzen zaizkit. Bestalde, egoera honetanGizarte Zerbitzu on batzuk edukitzea lehentasuna da.
Nola ikusten duzu Parte Hartze sailaren lana?
Ondo ikusten dut baina nire ustez prozesu hauek mugatu behar dira, ezin dugu edozein aitzakiarekin herritarrengana jo. Logotipoaren kontua, festak, kale izenak, halakoak ondo ikusten ditut baina kasu batzuetan jendeari galdetu zaio aurrez udalak jakinda diru mugatu bat zegoela edo arazo teknikoak... Orduan bai, kontutan izan behar da herritarrek gu bozkatu gaituztela euren ordezkari modura eta guri dagokigu erabakia hartzea. Herritarrek euren lana, familiak, eginbeharrak dituzte eta batzuetan oso zaila da hauek bileratan ere parte hartzea.
Ondo ikusten dut baina neurrian egin behar dela iruditzen zait. Gainera askotan azken hitza guk ere ez dugu, udaletxeko teknikariek baizik.
Esparru honetan hala ere, kontraesanak daudela iruditzen zait, izan ere, udal gobernu honek oposizioa alde batera uzten du hainbat erabaki edo asmoren berri emateko garaian. Udaletxe berrira liburutegia ekartzeko asmoaz kalean jakin nuen adibidez.
Udaletxe berria zabaldu da
Bai eta Gaztelekua ere. Legealdi hasieran, lehenengo urtean aurrekontuak egi-teko atzerapenak egotea ulergarria izan zen. Talde berria, esperientziarik gabekoa, baina bigarren urtean ere asko atzeratu dira aurrekontuak. Epeak bete behar dira udalaren egunerokoa arazorik gabe joan dadin.
Zinegotzi ezezagunena zarela sentitzen duzu?
Bai, normala da, ez naiz herrian bizi. Orain arteko egoeragatik ez ditugu gure bozkatzaileak ezagutzen, ez daukagu jendea zerrendak osatzeko. Aldatuko da.
Hurrengo hauteskundeetan zer espero duzu?
Aurrekoetan emaitzak onak izan ziren baina ustelkeria kasuek min handia egingo dute, ez soilik PP-n. Jendeak duen pertzepzioa da politiko guztiak lapurrak garela eta soluzioa baino arazoa garela.
Ustelkeria kasuekin, Madrildik gertu sentitzen zara?
Gu gara egia jakin nahi dugun lehenengoak. Niretzako hemen bizi dugun egoera oso desberdina da, ez daukagu ia dirurik. Nik nire telefonoa ordaintzen dut,nire ordenagailua erabiltzen dut lan egiteko, alderdiaren egoitzan makinak daude eta guk ordaintzen dugu kafea. Esaten diren dieta horiek guretzako oso oso urruti daude, niretzat zientzia fikzioa da.