Gaur goizeko Udalbatzarrean hiru gai jorratu dituzte alderdiek. Ez ohiko bilkura honetan ezin izan dira Vanessa Velez PP-ko zinegotzia eta Nerea Artamendi PSE-EEko kidea egon.
Gaur lehenik Foru Aldundiarekin lurralde garapeneko estrategi diseinuan gobernu eredu berri bat eratzen laguntzeko lankidetza hitzarmena sinatzea proposatu du udal gobernuak. Honen bitartez, Hernaniko Udalari eskumena ematen zaio eskualdeko garapena sustatzeko diru-laguntzak eskatzeko. Proposamena aho batez onartu da.
Horretaz gain, Sozioekonomia dinamizazio batzorde informatiboa sortu eta Gizarte zerbitzuak, immigrazioa, kooperazioa, enplegua, emakumea, ingurugiroa, merkataritza eta osasuna batzordeak bere baitan har ditzala proposatu du gobernuak.
Alderdi guztiak PSE-EE izan ezik alde bozkatu dute, hau abstenitu egin da. PSE-EEko bozeramaile den Jesus Zaballosek azaldu duen moduan Gobernuak proposatu dituen aldaketa eta organo sortze desberdinetan abstenitu da. Batzorde berria sortzea ongi ikusten dute, izan ere haiek proposatutako enplegu mahaiaren ordez sortuko baita. Honetaz gain, batzordean lanean hasteko prest agertu dira.
Honen harira, Xabier Egea idazkariak bost eguneko epea eman die alderdiei haien izendapenak egiteko.
Alokairu soziala
Azkenik, A35 Zabaleta Berri birpartzelatzeko proiektutik sortutako lur sail ezberdinen jabetza osoaren esleipenerako baldintza pleguen onespenaren proposamena eztabaidatu dute.
Honen bitartez, 94 etxebizitza eraikiko dira Zabaleta-Berriko lursailetan. Hauetatik 18 Udalaren esku izango dira eta hauetan alokairu soziala jarriko dutela aurreratu dute. Batzarrean jakin arazi denez, lanek bi urte iraungo dituzte.
Gai honetan PSE-EE izan da aurka bozkatu duen bakarra. PSE-EE hasieratik proiektu honen aurka agertu dela azaldu du Zaballosek. Etxe horiek Udalarentzat inbertsioa direla eta horiekin lortutako dirua herrian dauden beharrei aurre egiteko erabili ahal direla azaldu du, parkeak zaindu, ikastoletako leihoak aldatu... Inbertsiorik izan ezean, gastuei aurre egiteko kreditu bat eskatu beharko dela azpimarratu du eta honen “interesa zein izango den ikusi beharko da”.
Era berean, gobernuak gauza bat esan eta bestea egiten duela salatu du, “harrigarria iruditzen zaigu, etxe berri hauetan alokairu soziala jartzea eta oraindik Zelaialden etxeak hutsik izatea”.
EAJ-ko Estitxu Alkortak bere alderdia proiektu honen alde dagoela adierazi du. Honek lana sustatzeaz gain, egoera txarrean dauden herritarrei, gazteei eta familiei laguntzeko balioko duela argudiatu du.
Era berean, Ogasun batzordeko buru bezala, Alkortak hutsik dauden etxebizitzak kudeatzeko lanetan daudela azaldu du.
Bilduko Nerea Sanchezek neurri hau gaur egungo krisian politika soziala egiteko modu bat dela aipatu du. Eta beste arlotan sakrifizioak egin behar direla adierazi du “zenbait arlotan gauzak beste era batera planteatu beharko dira”.