Herritarrak launakako mahaietan bildu eta hiru galdera erantzun behar izan zituzten kolore ezberdinetako afixen bidez. Galdera bakoitzaren inguruan hogei minutuz eztabaidatu ostean mahaiz aldatzen joan ziren solaskide berriek galdera berei emandako erantzunetatik abiatu eta euren ikuspuntua gehitzeko.
Lehenengo galderan beste kulturekin izandako esperientzia edo harremanak elkarbanatu zituzten. Bigarren galderan Lasarte-Orian kulturen arteko proiektuak garatzeko eman beharko liratekeen baldintzez jardun zuten. Azkenik, kulturen arteko harremanak nola hobetu daitezkeen eztabaidatu zuten. Lehen jardunaldi honen helburua jatorri ezberdineko herritarren arteko kontaktua abiaraztea izan da.
Lan taldekako saioak
Gizarteko alor bakoitzean herriak duen aniztasuna aratzago aztertzeko, gaikako lan taldetan bilduko dira urriaren erdialdetik aurrera. Bilera guztiak arratsaldeko 18:00etan izango dira, Udaletxe berrian.
Urriaren 16an Hezkuntza eta Euskalduntze lantaldea bilduko da, urriaren 18an Kirol Elkarteen lantaldea, urriaren 22an Kultura eta Parte-hartze lantaldea eta 24ean Munduko kulturen lantaldea.
Lantalde hauetan hitz egindakoaz hausnartzeko eta ateratako ondorioak gainontzeko lantaldeen aurrean erakusteko azaroaren 5ean bilera handi bat egingo dute. Azaroan bigarren fase bati hasiko da, lantalde berberak elkartuko dira, baina oraingo honetan abenduaren 16 eta 21 artean izango den Aniztasun Astea prestatzeko bilduko dira. Euren esku egongo baita jatorri ezberdineko herritarrak biltzeko asmoa duen Aniztasun astearen antolaketa.