Beltzak-Ostadar taldeko infantilak Michelingo berdegunean

jon-altuna-egitegi 2013ko irailaren 29a

Derbi asteburua izan da Euskal Herrian. Espainiako Ligan Hernani eta Ordizia izan dira aurrez aurre eta Frantziako Top14ean berriz Baiona eta Miarritzek neurtu dituzte indarrak, Ipar Euskal Herriko kirol ekitaldirik garrantzitsuenean. Gurean ere errugbia izan genuen protagonista larunbat goizean Michelingo zelaian.

Infantil eskolarrak eta federatuek Ordiziaren aurka jokatu zituzten bi neurketa, emaitza ezberdinekin. Txikienek, hamalau urtez azpikoek, txukun jokatu zuten, serio. Azkenean 36-7 irabazi zuten, gogotsu jokatuta, harro egoteko moduko partida egin zuten, eta adin hauetan garrantzitsuagoa dena, ongi pasatuz eta izerdia botaz, lagun giroan kirola egin zuten. Infantil federatuek ez zuten zorterik izan ligako bigarren partida, egur handi samarra jaso zuten ordiziarren aurrean, 55-15, baina pozik ziren entrenatzaileak euren mutilak azken minutuetara fresko ailegatu eta aurreko lerroetan presioa eginez amaitu zutelako neurketa.  Beltzak-ek Eibar, Zarautz eta Lasarte-Oriako jendea jasotzen du hamasei urtez azpiko talde honetan eta pixkanaka joango dira elkar ezagutu eta erritmoa hartzen. Hori bai, galdu edo irabazi, irabazleak galtzaileari pasiloa egiten dio zelaian partida amaituta, aurkari duina izan dela eskertzeko modu gisa eta larunbatean halako irudi polit eta hunkigarriak ikusi ziren beste behin. Kiroltasuna dario errugbiari.