"Kirola gustatzen zaidalako egiten dut, ez dominak janzteko"

jon-altuna-egitegi 2013ko ira. 30a, 12:39

Autobusen motor eta txasis artean egiten du Irizarren lan Ramon Altunak, baina motorra gorputzean eta buruan ditu lasarteoriatarrak. Guztira sei Iron Man egin ditu, Ibizan, Tarragonan eta Frantzian banatuta. Aurten Euskal Herrian, Gasteizen, osatu du edonor dardarka jartzeko moduko lasterketa.

Beasaingo Trigoi taldean aritzen da atleta gaztea. Seguran bizi izan zen duela urte batzuk arte eta herrira etorrita, ez zion bere pasioari bizkarrik eman. Kirola egitea gustatzen zaio, eta triatloiak eginez askatzen du barrena. Iron Man gizona da.

Nolako esperientzia izan zen Gasteizkoa, espero bezain ondo aritu al zinen?
Orokorrean ondo, baina Maratoian burua joan zitzaidan, belauneko minez egin nuen ibilbidea eta espero baino 20 minutu okerrago aritu nintzen. 
Kondizio gogorrak izan genituen, haizea altxa zen eta kontra jotzen zuen lekuetan asko sufritu genuen. Denbora ez zen oso ona izan, postuarekin gustura geratu nintzen ordea. Beraz, sentsazio gazi-gozoa izan nuen.

Nolatan hasi zinen Iron Manetan parte-hartzen?
Futbolean aritzen nintzen Ostadarren, baina asko ez nuela jokatzen eta... Afari batean nire entrenatzaile izandako batek animatu ninduen. 
Bizikletan ibiltzea eta korrika egitea betidanik gustatzen zitzaian, baina igerian ez nintzen ondo moldatzen… Idelfonso eta Andoni Illarramendirekin hitz egiten hasi eta Zarauzko triatloi ezaguna prestatzen hasi nintzen. Beranduago etorri zen Iron Manena. Andoni Illarramendi ibiltzen zenez, berak bultzatuta hasi nintzen. Pixka bat baztertuta eduki nuen lehenengo semea jaiotzean, baina aurten berriro hartu ditut entrenamenduak.

Nola prestatzen dituzu IronManak?
Batez ere denbora eskatzen dizu, ia arratsalde osoa horretarako behar duzu. 4:30tan altxa, lanera joan eta ateratzean ordubete egiten dut igeri.
Gero korrika ordu eta erdi egiten dut eta konturatzerako arratsaldea joan zaizu. Eguna mugatuta geratzen da. 
Bizikletari dagokionez, entrenatzeko ordutegi ona dut, neguan eguerdian ateratzen naiz, gainera ez nago udaberri-udara arte bizikleta asko hartzera behartuta.

Jendeak eroak zaudetela uste du, pasada ederra behar du izan gorputzarentzat halako proba batek...
Bai, pasada sekulakoa da. Erokeria bada, baina nire buruari erronka bat jartzearren, limite batzuk bilatzearren egiten dut. Eta zer esango dizut, hemen gaude, eta osasuntsu gainera! Konturatzen zara gorputzarentzat desgastea handia dela, baina batez ere mentala da. 
Esaterako, niretzat maratoi bat bakarrik, IMeko maratoia baino gogorragoa da. IMeko maratoian ez duzu korrika egiten, aurrera egiten duzu. 

Lesioak izan dituzula badakigu. Osatuta?
Lunbarretatik izorratuta ibili nintzen. Indarrik ezin egin, kargatuta oso. Dena pilatzen da, lanean makurtuta ibiltzen naiz, bizikletan postura egokiena  ere ez da izaten… Denak kontatzen du, luzaketak ere egin beharra daude, eta askotan ez ditugu egiten… 
Bizikletan  izan nituen arazoak batez ere, ezin nuen indarrik egin. Hotzak gerri aldea kargatzen du eta berehala nabaritzen nuen. Oriora joatean, lasai joanez, kargatuta sentitzen nintzen. Triatloiko bizikleta aparkatuta, bizikleta normalarekin egiten nituen triatloiak. Abuztuan geldirik egon naiz eta masajista eta osteopatetan ere ibili naiz. Orain hobeto nago. 
Igeriketa-bizikleta-korrika transizioak muskularki oso gogorrak direla pentsatzen dut.
Entrenatu beharrekoa da. Sentsazio oso arraroa izaten da, gogortuta hasten zara korrika, baina aurretik hainbat triatloi eginda dauzkagunez honezkero ohituta gaude.

Zein partzialetan gozatzen duzu gehien?
Bizikleta gustatzen zait gehien, baina hoberen korrika ibiltzen naiz. Ez daukat erritmo aldaketarik, diesela naiz. Nire erritmoa hartu, horri eutsi eta aurrera joatea gustatzen zait. Jende gehien korrika aurreratzen dut, eta zenbat eta distantzia luzeagoak izan orduan eta hobeto.Familiaren laguntza eta babesa beharrezkoa izango da noski halako kirol gogor batean.
Laguntza asko eduki dut, andreak margen asko eman dit. Gerritik lesionatuta egotean, buru-jan dezente izan nuen, dena pikutara bidaltzeko zorian egon nintzen…
Andreak zerua irabazi du. Ezin nion bueltarik eman. Maiatza eta ekaina osoa arrastaka ibili nintzen. Andreak beti esaten zidan: ”Zure gogoa baldin bada, aurrera”, hori izugarri baloratzen dut. Ez dut inolako trabarik izan, ez dut kexarik. 
Baina batzuetan gogorra egiten da... Lanetik etxera itzuli alabarekin jolasean aritu eta gero entrenatzera zoazela, alaba etorri eta ”Aita, ez joan entrenatzera” esaten dizutenean… Alabak hori esatean buruari galderak egiten hasten zara… Gogorra egiten da. 

Zeinetaz gogoratzen zara ia hamar orduko esfortzu basatiaren ostean?
Batez ere, andrea eta alabaz, Gasteizkoa amaitzean emaztea haurdun nuen, semea genuen zain. Beraietaz gogoratu nintzen. 
Asko zor diet beraiei. Haiek gabe ezingo nuke egin. Zor bat nuen nire buruarekin. Bukatu egin behar nuen Gasteizko IM-a kosta ahala kosta. Belauneko mina nuen, muskularki ahultzen hasi nintzen korrika saioan… Nire artean pentsatzen nuen “Ramon, hau atera beharra zegok”. Bai nire buruari eta bai familiari zor nien. Gustura amaitu nuen, egindakoaz harro.
Denboraldian zehar beste helbururik? Aurrera begira zer egin pentsatuta al duzu?
Euskal zirkuituan ibiltzen naiz, hemen inguruan, ez naizk kanpora gehiegi mugitzen. Zarautz, Deba, Zumaia, Bilbo, Bizkaia eta Nafarroan baten bat… Orain, Donostiako maratoia  prestatzeko tentatuta nago. 

Edonork egin ditzake halako probak?
Edozein da gai. Baina buruz gogorra izan behar duzu.

Motibazioa nondik atera-tzen duzu halako proba bati aurre egiteko?
Udaberri honetan egin dituen eguraldiak eta hotzak ez dira normalak izan. Batzuetan etxean geratu izan naiz, ez pentsa! Hala ere, hobeto sentitzen naiz kirola egiten dudanetan egiten ez dudanetan baino. Nire buruarekin gustura, beteta. Ongi egindako lanarekin kontent egotea bezalakorik ez dago. Nik ez ditut gauzak gero dominatxo bat jartzeko egiten. Inori ez diot ezertxo ere demostratu behar. Gauzak gustatzen zaizkidalako egiten ditut eta kito.