ISU eta Aldaz-en garaipenak

Nerea Eizagirre 2013ko urriaren 2a

Lasarte-Oriako areto-Futboleko taldeek jardunaldi ederra izan zuten lehengo larunbatean. ISUk erraz irabazi zuen bere partida eta Aldaz H.K. -k partida borrokatu behar izan zuen bigarren denboran.

Larunbatean herriko areto-futbol taldeek jardunaldia izan zuten. ISU Leihoak taldeak denboraldiari hasiera ederki eman zion Tolosako Hirukide Plomix Fronton taldeari 5-2 irabazita; Aldaz-ek ere urrezko hiru puntu eskuratu zituen Elorrioko Buskantza taldearen aurka. 
Gipuzkoako Ligari hasiera eman zitzaion lehengo asteburuan eta ISU Leihoak taldeak lehen partidan bere maila erakutsi zuen. Eneko Molina entrenatzaileak adierazi duenez, “nahiko partida erraza izan“ zen. 

ISUk bere jokoa egin ahal izan zuen Hirukide taldearen aurka, “ongi defendatu eta aurrean ere ederki lan egin genuen. Ongi kontrolatutako partida izan zen“.

Partida hasieratik nagusitasuna erakutsi zuen Lasarte-Oriako taldeak eta laster markagailua alde jarri zuen.  Markagailuan 5-0ekoa zegoela, ISU-k bi akats egin eta  bi gol sartu zizkieten.
Aste honetan, Zurt taldearen aurka jokatuko dute. Partida borrokatua izango dela aurreratu du Molinak. “Talde gogorra da, urtero sufritzen dugu haiek irabazteko. Baina ongi egin eta irabaztea espero dugu“. 

Eta “aurrean kalitateko jende dugu eta defentsan ongi bagabiltza, aukerak ditugu partidak irabazteko,“ gehitu du.

Bigarren zati erabakiorra
Bestalde, Aldazek ere Elorrion garaipena lortu zuen Elorrioko Buskantza  taldearen aurka.
Oscar Garcia entrenatzaileak adierazi duenez, “bi zati bereizi daitezke.“ Lehenengo zatiko 3. minutuan penalti argia egin zioten Aldaz-i eta ez zuen hutsik egin. Tamalez etxekoek kontraeraso azkarrak egiten zituzten eta zail izan zitzaion Lasarte-Oriako taldeari erasoak gelditzea. Honela atsedenaldira 3 eta 1 joan ziren.

Bigarren zatiaren hasiera ere gogorra izan zen Aldazeko mutilentzat eta 4-1ekoa lortu zuen arerioak.

Baina atezain jokalaria atera zuen Oscar Garciak eta honek bizia eman zion taldeari. Gainera, arerioaren defentsak behera egin zuen eta honek Aldazen erasoak erraztu zituen. Honela 4-5 jartzea lortu zuen Lasarte-Oriako taldeak.

Larunbatean berriz, Gipuzkoarren arteko derbia ikusiko da kiroldegian, Zarauzko Kandelaren aurka jokatu behar baitu. “Maila bereko taldea da. Helburua lortzeko etxean ezin dugu hu-tsik egin“, onartu du Garciak.