Ba al dakizu... Lasarte-Oriak zenbat auzo dituen? Zenbat biztanle dituen gure herriak? Zein zuhaitz mota dauden gure herria? Oria ibaiko faunaren behatokia dagoela? Lasarte-Orian hainbat sagardotegi zeudela? Lasarte-Oria Done Jakue bidean dagoela? Migel Antonio Okendo nor den? Herrian hainbat idazle ospetsu izan edo jaio direla? Oria ibaian batelak ibiltzen zirela?
Galdera hauei guztiei erantzuna emateko gai izango dira Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko eta Landaberri ikastolako ikasleak ikasturte amaieran.
Izan ere, Udalak Artelatz Ingurugiro Zerbitzuak kooperatibaren laguntzaz “Lasarte-Oria gure herria“ ikastunitatea berrargitaratu du.
Gaur goizean Pablo Barrio alkateak, Euskara Batzordeko Lehendakari Boris Nogales eta Elisabet Godat Artelatz Ingurugiro Zerbitzuak kooperatibako ordezkariak lagunduta, Sasoeta-Zumaburu eta Landaberri ikastetxeetako haur eta irakasleekin batera aurkeztu dute ikastunitatearen edizio berria Askatasunaren parkean.
Helburua
Agerraldian azaldu zuten modura, ikastunitatearen helburua herriko ikastetxeei udalerriari buruzko ezagutzan sakontzeko material egokia eskaintzea da.
Lasarte-Oria 1986an eratu zen eta beraz, herri gaztea da. Horregatik, prentsaurrekoan aipatu legez, Udalarentzat garrantzitsua da herrian bizi diren guztiak lasarteoriatar sentitzea eta hau bultzatzeko ahalegin guztiak egiten ari da.
Bederatzi gai
Karpeta koloretsu eta eder batean biltzen dira ikasleak Lasarte-Oriako historian, naturan, kirolean etab. gaietan murgilduko dituzten liburuxkak.
Liburuxka hauetan bederatzi gai izango dira landuko direnak: “Kalean, jendez beteak“; “Berdea nagusi“; “Lurrari esker bizi gara“, “Lan eta Lan“; “Hemendik hara“, “Zaharra berri“; “Euskara bizi-bizirik“; “Kirolak aukeran“ eta “Jaia da gaia“.
Otso Lontxo izango da bide honetan ikasleen lagun eta joko, ibilbide, atzera begira eta herriko jendearen pasadizoen bitartez gure herriari buruz ikasiko dute.
Edizio hau prestatzeko ardura, Artelatz Ingurugiro Zerbitzuak kooperatibak izan du eta hainbat gai osatu eta gaur eguneratu dituzte. Elisabet Godatek adierazi duenez “erabiltzaileen premiak ahalik eta ondoen asetu nahian“ aurreko ikastunitatearen oinarria mantenduz, berrikuntza ugari txertatu dituzte argazkietan, diseinu grafikoan, baita paperean eta karpetan bertan ere.
Transmisioa
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, 1997 urtean argitaratu zen lehen edizioa. Orduan 1.000 ale kaleratu ziren eta 2005ean, bigarren edizioan ere beste hainbeste unitate kaleratu ziren. III. edizio honetan beste 800 ale argitaratu dira.
“Horrek adierazten du herriko ikastetxeetan ikasi duten eta ikasten ari diren ia 3000 haurri transmititu zaizkiela eta transmitituko zaikiela herriari buruzko ezagutzak,“ azaldu dute.
Agerraldiari amaiera emateko, Udaleko ordezkariek eskerrak eman nahi izan dizkiete ikastunitatea prestatzen lagundu duten herritar guztiei eta bereziki Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko eta Landaberri ikastolako irakasleei materiala erabiliz, “gure herriko haurrak lasarteoriatar sentitzeko egiten duten ahaleginagatik“.
Eskuragarri
Era berean, ikastunitatea herritar guztien eskura dagoela jakitera eman dute.
Interesa dutenek Euskara Batzordean 10,50 euroren truke izan dezake.
Lasarte-Oriako Udalaren web orrialdean ere bertsio digitala zintzilikatuko dela aurreratu dute.