Erbesteratutako haurren memoria lantzen

jon-altuna-egitegi 2013ko urr. 4a, 00:35

Udalak eta Islada Ezkutatuak Lasarte-Oriako oroimen historikoaren aldeko taldeak elkarlanean aurkeztu dute 1937. urtean Gerra Zibilaren eraginez erbesteratuak izan ziren haur lasarteoriatarren memoria berreskuratzeko lana.

Erbesteratuak izan ziren haurren oroimenaren alde egindako lana aurkezteko Pablo Barrio alkatea eta Mailu Arruti Islada Ezkutatuak taldeko kideak prentsaurrekoa eman dute gaur arratsaldean kultur-etxeko kafetegian.

Herriko haurren memoria kolektiboa lantzen ari zirela "harribitxi" batekin topo egin zutela esan du Pablo Barrio alkateak. Herriko hainbat haurrek gerra zibilaren eraginez Lasarte-Oriako lurrak utzita kanpora bidaiatu behar izan zutela kontatu du.

Horietako bat Angel Belza gaztetxoa zen. SESBera (Errusia) ebakuatu zuten hamar urte besterik ez zituela. Bertara joan eta hamar urte pasatxora jaso zuen amaren lehen gutuna, berri txarrak zekartzala. Aita erail egin zuten eta anairen bat edo beste desagertuta zegoen... Errusiako lurretan 20 urte egin ostean penintsulara itzuli eta Katalunian bizi da gaur egun. 2010. urtean bere memoriak idazten hasi zen bilobak hala eskatuta eta hurrengo astean herritarren aurrean bizitakoa kontatzeko aukera izango du.

Islada Ezkutatuak taldeak esker ona adierazi nahi izan die bereziki Udalari proiektuarekin izan duten prestutasunagatik.

Horretaz gain, erbesteratutako haurren inguruko argazki erakusketa izango dela esan dute. Kultur etxeko kafetegian hainbat argazki daude ikusgai jadanik eta zenbait taberna eta komertziotan ere erakusketatxo bat jartzeko aukera izan dute. "Jalgi, Artizar eta Gure Etxea tabernetan edota Muebles Inchausti eta Anayak komertzioetan hainbat argazki jarri ditugu", esan du Mailu Arrutik Islada Ezkutatuak taldeko kideak.

Triptikoa eta programa

Jada etxeetan banatzen ari dira informazio guztia jasotzen duen triptikoa. Bertan datorrenaren arabera, urriaren 8an Lasarte-Oriako gerrako umeen arteko topaketa bat egiteko asmoa agertzen dute, familiakoak, lagunak etab. bilduko dituen topaketa. Urriaren 9an berriz, "Angel Belza: Memorias de un niño de guerra. 1937-1957" liburua aurkeztuko du Angel Belza berak. Bizitakoak kontatzeko aukera izango du eta ikastetxe batzuetan ere arituko da bere bizipenak azaltzen.

Alkateak herritarrei bertan parte-hartzeko deia luzatu die: "Gerrako umeen familiakoentzat elkar ezagutu, gauzak gogoratu eta hari galduak lotzeko aukera da". Gainera, lasarteoriatar oro gonbidatzen du gaiarekin zerikusirik duen dokumentu, argazki, testu edo dena delakoa Isalda Ezkutatuak taldearekin elkarbanatzera. Herritar bakoitzak aletxoa jarri ahala lana itxura hartzen joango dela uste dute Arruti eta Barriok. "Testigantza bakoitza, laguntzeko prest dagoen pertsona bakoitza ongietorria izango da", esanez amaitu du Arrutik.