“Poza'' antzezlana Topa Eszenikaren baitan

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urr. 4a, 11:31

Kukuka antzerki eta dantza eskolarekin elkarlanean. Usurbilen Antzerki Ekintza taldeak antolatutako 5. Topa Eszenika gure herrian izango da gaur lehenengoz. Egitarau honen baitan dator “Poza“ antzezlana Manuel Lekuonara. Saioa bihar 20:00etan hasiko da.

Irailaren 25etik hasita Usurbil, Añorga eta Lasarte-Orian antzerki eta dantza ikastaro zein ekitaldi ezberdinak izan dira Topa Eszenikoaren baitan. 

Honakoa Usurbilgo Antzerki Ekintza taldeak antolatu du eta gaur eta bihar Lasarte-Orian eta Añorgan ere ekimen honetako ekintzak izango dira.

Topa Eszenikoaren baitan ikuskizunez gain, formakuntza saioak daude, aurten ikastaroak Usurbilen egin dira soilik, baina etorkizunean Añorga eta Lasarte-Orian ere egitea da ideia. 

“Poza“
Bihar, esate baterako, “Poza“ antzezlana eskainiko du Metro koadroka kolektiboak Manuel Lekuona kultur-etxean arratsaldeko 20:00etan.

Jabi Barandiaran, Idoia Beratarbide, Ander Fernandez, Oier Guillan eta Asier Sarasola dira “Poza“ antzezlaneko kideak. Bost lagun dira gela batean, zerbait gertatzeko zain.
Taldeak deskribatzen duenez, “ordu beteko tartean hainbat edertasun une proposatuko dizkiote ikusleari, hainbat hari, hainbat bide. Ordubeteko tartean minutu bakar bateko edertasuna lortuz gero, bete egingo da haien xedea“.

“Edertasunak itxaropena sortzen du, horregatik egin ohi zaio kontra. Esperientzia lazgarri bat bizi izan duen inor ikustea mozkortzen, dantzatzen, ahotsa kantu betean urratzen… horren lekuko denari sortzen zaion egonezina da lan honen abiapuntua. Izutzeraino gozoak diren uneak, hunkiduraraino ederrak diren krudeltasunak“.

Arte ezberdinen arteko elkarrizketa proposatzen dute Metrokoadroka kolektiboko kideek lan honetan, elementu ez eszenikoetatik abiatuz eszenarako lan bat osatzeko, oholtzarako poesiaren bidean.

Kukuka Usurbilen
Aurreko asteburuan eta Topa Eszenikaren baitan Kukukako dantza garaikideko gazteen bi talde eta helduen hiru taldek emanaldia eskaini zuen Sutegin.