Urgentziazko Udalbatzarra Herriraren aurkako polizia operazioa salatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urriaren 4a

Urgentziazko udalbatzarra egin dute ostiral arratsaldean Udaleko gobernu taldeak Herriraren aurkako operazioa salatzeko. PSE-EE ez da bertan izan Bilduk halakoetan udal instituzioen “erabilera politikoa“ egiten duela uste baitu. PPko Vanessa Vellez ez da agertu.

Bi puntu bozkatu dituzte, Udalbatzarraren urgentziatasuna eta EAJ eta Bilduk elkarrekin adostutako mozioa. Lehenengo puntuaren inguruan, EAJ eta LOHP-ak beraien ezinegona azaldu dute, asteartean osoko bilkura bat dagoela argudiatuta, urgentziatasun “erlatiboa“ zuela esan dute, egun dezente pasa direlako polizia-operazioa egin zenetik. Hala ere, Bilduren aldeko bozkekin eta EAJ, LOHP eta Marisa Zubiri zinegotzi ez adskribatuaren abstentzioarekin urgentziatasuna onartu zitzaion Udalbatzarrari.

Bigarren puntuan EAJ eta Bilduk elkarrekin adostutako mozioa onartu da, Herriraren aurkako operazioan Espainiar Gobernuaren “estrategia politiko-judiziala“ gaitzetsi eta atxilotutakoen askatasuna eskatzen duen idatzia onartu dute Bildu eta EAJren aldeko bozkekin . LOHP eta Marisa Zubiri abstenitu egin dira.