Jabi Barandiaran, Idoia Beratarbide, Ander Fernandez, Oier Guillan eta Asier Sarasola izan ziren “Poza“ antzezlaneko kideak. Bost lagun eskenatokiratu ziren eta denak gela batean egongo balira bezala oholtzaratu ziren, zerbait gertatzeko zain egongo balira bezala. Izenburuak dioen gisan poztasuna izan zuen aztergai antzerkiak eta zenbait unetan ikusleek barre algarak egin zituzten. Dena den, obra honen berezko ezaugarria inprobisazioa izan zen. Izan ere, gainontzeko antzerki obretan gertatu ohi denaren kontran, kasu honetan aktoreek ez zuten paper edo rol zehatzik jorratu. Horrela, ikuslea bera bihurtu nahi izan zuten antzerkiaren protagonista, istorioa berak ere osatu zezan aktoreek lan guztia egina eman gabe. Poesiatik asko izan zuen larunbat arratsaldeko obrak, edertasunetik ere bai. Antzerkiak koloretik eduki zuen neurri berean izan zuen iluntasunetik ere. Askotan gertatzen den bezala, guztiak galdua dirudien arren argi izpitxo bat beti pizten dugula gogorarazi ziguten bost aktoreek.