Ilusioak ez du adinik

jon-altuna-egitegi 2013ko urriaren 6a

Gustatuko litzaieke gazte askori herriko adinekoek duten sasoia izatea. Ez dira geldirik egon omenaldi asteak iraun dituen egunetako bakoitzean. Asteburuan ere izan dute non gozatu eta non erakutsi oraindik ere zeresan asko emateko prest daudela. Larunbat goizeko ibilaldi neurtua, urteroko meza nagusia, kultur-etxeko ekitaldiak eta bazkari herrikoia izan dira asteburuko momentu gorenak. Adinekoek merezitako omenaldia jaso dute.

Eguraldiak hasiera batean Omenaldi Asteko azken egunei mehatxu egingo ziela zirudienean, giro txukuna izan dute herriko adinduek euren ekintzak burutu ahal izateko.
Larunbat goizeko Ibilaldi Neurtuaren bigarren edizioan 44 bikote aurkeztu ziren. Okendon hasi, Oriaraino joan, han buelta hartu eta Sasoeta eta Atsobakar auzoak zeharkatu ostean, berriro ere Okendora itzuli ziren ibiltariak. 
Santiaga Sanchez eta Purificación Blazquez izan ziren antolakuntzak finkatutako ordu eta 22 minutuko denborara gehien hurbildu zirenak, ez baitzuen irabazi itzulia azkarren egin zuenak. 
Lehen hiru bikoteentzat zein azkenarentzat sariak egon ziren, Xanpaina, gaztak, urdaiazpikoak, trofeoak, irratiak etab.
Saribanaketan Pablo Barrio alkatea eta Biyak Bat elkarteko Pako Hita eta Jose Mari Bardají aritu ziren eta ibilbide osoan zehar Ostadar SKTko kideak aritu ziren bidegurutze konplikatu eta puntu arriskutsuetan laguntzen. 
Larunbat arratsaldean berriz dantzaldia egin zuten Jubilatuen Egoitzan. 
Amaia Gonzalez Caballero dantzari ezaguna eta haren senarra Mikel Lasa izan ziren epaimahaiko kide, Pilar Almaraz eta Antonio Perezekin batera.
Herriko adinekoek gerrialdea mugitzeko gaitasuna galdu ez dutela erakutsi zuten epaimahaiaren aurrean eta bikote garailea Maria Fernandez eta Avelina Rodriguez izan ziren. 

Azken eguna, egun handia
Igandea izan zen omenaldi astearen azken eguna eta egitarau oparoari amaiera jartzeko, meza, kultur-etxeko emankizunak eta Michelingo pilotalekuan egindako bazkari erraldoia izan zituzten gozagarri herriko adinekoek.
Urtero bezala, San Pedro parrokia txiki geratu zen igandean adinekoen omenez Xabier Andonegik eta Don Ramonek emandako mezan.
Parrokiatik atera eta zuzenean kultur-etxera joan ziren Biyak Baten abesbatzaz eta Zero Sette akordeoi orkestraz gozatzera. 
Eguna amaitzeko 370 lagunek Michelingo pilotalekuan bazkari erraldoia egin zuten lagunarte giro goxoan, dan- tzaldiaren aurretik.
Ilusioa ez baita zahartzen, ez baitu adinik.

OMENALDI ASTEKO ARGAZKI GUZTIAK