Aurpegia eta ifrentzua Ostadarrentzat

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urriaren 7a

Ostadar SKT-ko saskibaloi taldeak abuztuan hasi ziren lanean. Aurten herriko kirol taldeak nesken bi talde osatu ditu, bata junior mailan eta bestea kadete mailan. Larunbatean jokatu zuten denboraldiko lehen partida. Ligako lehen partidak garrantzitsuak izaten dira emaitzez haratago, taldearen jokoa landu eta akatsak zuzentzeko.

Ostadar SKT-ko nesken  saskibaloi taldeek denboraldi berriari hasiera eman diote asteburu honetan. 

Kadeteek Internacionalen aurka jasotako porrotarekin (45-55) aldapa gora ekigo diote denboraldiari. Endika Marrahairen neskak gogotsu agertu arren, aurkaria gehiago izan zen eta zorte gehixeago izan zuten intxaurrondoarrek etxeko taldeak baino.

Jubenilek berriz, Bergara KE egurtu egin zuten larunbat arratsaldean jokatutako partidan. 53-21 nagusitu ziren Itziar Bermudezen neskak. 

Bi talde

Endika Marrahi arduradunak azaldu duenez, aurten bi talde izango dira lehian. Alde batetik iazko kadete taldea dago, “mailaz igotzea lortu zuen, horregatik errendimenduko mailan jolastuko du aurten“ eta bestetik junior mailan, “talde berria ateratzea lortu dugu“.

Kadeteen taldean Itziar Bermudez egongo da entrenatzaile lanetan eta zazpi jokalariz osatua egongo da: Ainhoa Morales, Haizea Del Olmo, Itxaso Mercero, Oihane Lizaso, Sara Zulaika, Uxue Rodriguez eta  Yaiza Navarro. 

“Taldea sendo dago, baina aurten aurkari gogorragoak izango dituztela aurreikusten da, hasiera batean, zazpi jokalarirekin aurre egin beharko dio taldeak denboraldiari, lan zaila izango dute gure neskek“, onartu du Marrahik.

Juniorren taldeari dagokionez, Endika Marrahi da entrenatzailea eta bederatzi jokalariz osatuta dago: Ainhoa Faustino, Alba Cruz, Ane Aldazabal, Ane Furundarena, Irati Hernandez, Paula Gonzalez, Paula Uli, Sara Arruti eta Susana Sanz. 

“Taldea urte bete egon da geldirik, horren ondorioz lan asko dago egiteko eta gutxi balitz erronka, zailari egingo diote aurre denboraldian, talde oso onak baitaude arerio bezala“. 
Honetaz gain, Endikak aurreratu duenez, etxeko partidak kadeteek larunbatetan jokatuko dituzte, 16:00etan eta juniorrek, berriz igandeetan, 11:00tan.


Aurredenboraldia 

Era berean, aurredenboraldia ederki joan zela aipatu du Marrahik. 

Taldeek abuztuaren 26an hasi zituzten entrenamenduak eta bakoitzak lagunarteko partida bat jokatu du Lezoko Allerru-ren aurka.

Kadete taldeak 27 – 62 irabazi zuen. “Partida erakargarria eta oso bizkorra, hasieratik menderatu zutena,“ azaldu du saskibaloi taldeen arduradunak.

Eta Junior taldeak ere garaipena lortu zuen, 48 – 54. “Nahiz eta partidua menderatu, azkeneko zatian Allerru-k erantzun zuen, eta taldearen esperientzia faltak eta konfiantza maila ahulak izan ziren, markagailua asko laburtzeko arrazoi nagusiak“, aipatu du.