"Gordintasuna hurbilekoa egiten zaie emakumeei"

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urriaren 7a

Urriaren 15ean, Irakurlee-txokoaren lehen saioa izango da Villa Mirentxun, 18:30ean. Honetan Miren Agur Meaberen “Kristalezko begi bat“ liburua izango da aztergai. Gainera, idazlea bera saioan izango da bere idazlanaren nondik norakoak azaltzeko.

Miren Agur Meabe idazlearen  “Kristalezko begi bat“ eleberriak emango dio hasiera Lasarte-Oriako Irakurle-txokoari. Horregatik, idazle lekeitiarrarekin liburuari eta Lasarte-Oriarekin duen lotura bereziari buruz hitz egin dugu.

Sortu berri da Irakurle-txokoa Lasarte-Orian, lehenengo saioan zu izango zara gonbidatua. Zer suposatzen du idazlearentzat halako taldeetan parte hartzeak?

A zer luxua niretzat! Ea hasiera ona ematen diogun denon artean. Bide oparoa opa diot taldeari. 

Aberasgarriak izaten dira halako topaldiak: batetik, liburuaren inguruko hainbat azalpen osagarri baina garrantzitsu emateko aukera ematen digute; bestetik, praktikan ikusten digu irakurleak zertan datozen bat eta zertan ez, zer estimatu duten eta zer ez zaien iritsi... Saio guztietatik ateratzen dut zeri egin kasu, eta batez ere, langintza honen zentzua berresteko balio izaten didate.

“Kristalezko begi bat“ eleberria landuko duzue. Eleberri intimoa, lehenengo pertsonan idatzia eta zurea zein edozein emakumeren istorioa izan daitekeena...

Izan ere, protagonistak bere arima eta gorputza deskribatzen ditu, xede batekin: “Nor naiz ni?” galderari berriz erantzutea “adin arriskutsua” deritzon garaian, hau da, menopausiaren sasoian. Tran-tsizio garaiko asaldura fisiko eta emozional horiek guztiak naizen emakumearen ikuspuntutik azalduta daude eta, gordintasuna gorabehera, hurbilekoa egiten zaie emakumeei. 

Gainera, liburuaren formatua hibridoa, denetarik bil dezakeena: gogoeta solteak, oroitzapenak, uneko bizipenak, gutunak, gertaerak, ameskeriak, poemak... Norberaren intimitatea da, aldi berean, lehengaia eta produktua, baina intimitate horrek badu unibertsaltasun bat. 

Horrelakoetan errealitatea eta fikzioaren arteko muga zein den galdetuko dizute irakurleek ezta?
Ez pentsa. Irakurleek onartzen dute badagoela bana-lerroa errealitatearen eta fikzioaren artean, oso lausoa izan arren, eta testua sinesgarria egiten bazaie, ez die axola zer den egia santua eta zer ez. 

Liburu hau ez da autobiografia bat, autobiografiaren premisa errealitatearekiko leialtasuna delako; autofikzio edo autoimitazioarena, ordea, errealitatearen mimesia: abiapuntua esperientzia errealak izan arren, zatiak asmatu daitezke, gaiaren zerbitzura. Adibidez, gogoeta bat giro-tzeko, edo elkarrizketak kontestualizatzeko, beharrezkoa da nolabaiteko dekoratua jar-tzea. Xehetasun batzuk nabarmendu egiten dira, edota beste batzuk isildu, interes literarioak eraginda. 

Lanak arrakasta izan du, kritika oso onak jaso ditu...espero al zenuen? 

Ezin gehiago eskatu. Uste dut, partez irakurleak interpelazioa sentitu duela, narratzailea “zu” bati zuzentzen zaiolako, konplizitate bila, eta galderak egiten dizkiolako, zalantzak aurkezten, baita justifikazioak ematen ere, beste aldean dagoen solaskide isil horri. Biho-tzez eskertzen diet bene-benetan lan honi era batera edo bestera lagundu dioten guztiei.

Orain gazteleratzen ari zara. Lan erraza izaten ari al da?

Uste baino zailagoa, egia esan. Autoitzulpenaren hautua egiten dut normalean, horrek askatasuna ematen didalako testua nahieran doitzeko, baina kasu honetan “nire aho-tsa” —euskarazko bertsioko tonuak— harrapatu ezinik nabil. Ekin eta ekin egin beharko dut doinua guztiz afinatu arte.

Lasarte-Orian 1991. urtean udalaren sari irabazi zenuen “Oi, hondarrezko emakaitz!“ poema liburuarekin. Zure bigarren bisita izango da urriaren 15ean egingo duzuna?

Gogoan daukat saria jasotzera joan nintzen eguna, larunbat eguzkitsu bat. Urduritasuna eta poza menderatu nahian egin nuen bidea autoan. Orduan, borrokan nenbilen idazlea izateko, izan guran nenbilen. Andereñoa nintzen Bilboko ikastola batean, 29 urte nituen, eta sari garrantzitsua gertatu zen niretzat, hilabete askotako lanaren eta disziplinaren fruitutzat hartu nuelako. Oker ez banago, Felipe Juaristi zen epaimahaikideetako bat. Gainera, dotazio ekonomikoa ere ez zen makala, orduko 600 euroren parekoa. Bazuen kategoria sariketa hark, nahiz eta zoritxarrez, lanen argitalpena kaskarra izan, gehienetan ohi zen moduan.

Urte batzuk geroago lan hori berreskuratu, eta aldaketa batzuk eginda, “Idatz & Mintz“ aldizkariaren separata moduan argitaratu zen, eta ondoren, Azalaren kodea poema-liburuan txertatu nituen poema esanguratsuenak. Liburu hura izan zen ondotik etorri diren besteen sorkina. Nahi eta nahi ez, Lasarte-Oriari zor nion beste bisita bat, eta hara non ia hogei urte pasatxo berriz itzuli naizen, 
oraingoan idazle. Bizi-tzaren keinu hauek asko eskertzen ditut.

Zer esango zenieke irakurleei solasaldian parte har dezaten...

Proba egiteko… Arrisku barik, ez dago emaitzarik.