Angel Belza, gerrako haur baten oroitzapenak

Nerea Eizagirre 2013ko urr. 8a, 19:19

Gaur eguerdian, Angel Belza herritarrak “Angel Belza. Memorias de un niño en Rusia, 1937-1957” liburua aurkeztu du Lasarte-Oriako Udaletxean. Berarekin batera Pablo Barrio alkatea, Valentin Carrera EbboksBierzo argitaletxeko kide eta Mikel Amenabar Islada Ezkutatuko kideak izan dira.

Pablo Barrio alkateak aurkezpenean azaldu duenez, Angel “gerra garaiko haurra da, hamaika urte egiteko zituela Lasarte-Oria utzi eta Bilbon La Habana ontzian Errusiarako bidea egin zuen”.

Angel Belzak 87 urte ditu eta indar eta argitasun osa mantentzen ditu gaur egun. 1937an Errusiara eta Europako beste herrialdeetara gerratik ihesi bidalitako “gerrako haurra” da, Espainiar Errepublikatik bidaliak izan ziren 5 eta 15 urte bitarteko 34.000 haurretako bat

Aurkezpenean Mikel Amenabar Islada Ezkutatuak taldeko kideak “horrelako pertsona bat gurekin izatea altxorra da”, azpimarratu du. Amenabarrek jakin arazi duenez, gerra garaiko testigantzak jasotzen ari zirela, haiekin harremanetan jarri ziren katalunian herritar bat zegoela esanaz. Haren testigantza interesagarria iruditu eta herriari jakina araztea izan da hurrengo pausoa.

Ispiluaren zati bat

Valentin Carrera editoreak  lehenik eskerrak eman dizkio Udalari liburua aurkezteagatik. Izan ere, argitaletxearen ikerketa bildumari hasiera eman dio liburu honekin.

Lan luze honek oroitzapenak, kronologia zehatza, argazkiak, etab. ditu. Carrerak azaldu duenez, Errusia eta Ukraniara bidaiatu behar izan da guztiz dokumentatzeko.

Angelen bizitza Ulisesen Odisearen antzeko bidaia dela azpimarratu du, “ontzian Errusiara, bizitza klandestinoa, gulag batean bizitzea... eta orain berriro, bere herrira bueltatu da. Oroimenaren arkua du eta herrian gezia botako du”.

Eta Islada Ezkutatuen irudiari aipamena eginez, “ ispiluari zatiak falta zaizkio eta Lasarte-Oriako oroimen historikoa berreskuratzen lagunduko duen zatietako bat liburu hau da”, aipatu du.

Oroitzapenak

Azkenik Angel Belza herritarreren txanda izan da, “Lasarte-Orian egotea oso berezia da” aipatu du. “Nere iloba batek bultzatuta hasi nintzen oroitzapenak kontatzen” eta horrek Lasarte-Oriara ekarri du berriro ere. Izan ere, Errusian urte asko egon arren, bere burua Lasarte-Orian zuela adierazi du Belzak.

Prentsaurrekoan bere familia eta haurtzaroko oroitzapenak ekarri ditu gogora, Bilbon ointziratu baino lehen ikusitakoari buruz mintzatu da, Errusiako egoera azaldu eta Bigarren mundo gerraren hasierari buruz ere hitz egin du.

Bihar arratsaldea, 19:00etan Manuel Lekuona kultur-etxean eskainiko duen hitzaldiaren zertzelada bat besterik ez da izan Angel Belzak azaldutakoa.