Urrezko ezteiak ospatuz, omenaldi asteari agur

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urriaren 8a

Gaur amaitu da adinekoen omenaldi astea. Azken egunean, urrezko ezteiak bete dituztenei eskainitako ekitaldiak burutu dituzte. Horrela, kalejira, meza, lunch-a, opari banaketa eta afari-merienda izan dute omenduek. Asteari bukaera borobila emateko, dantza saio batekin erakutsi dute euren sasoia.

Urrezko ezteien ospakizunarekin, adinekoen omenaldi asteari amaiera eman zaio gaur. Ezkontzetik 50. urteurrena bete duten herriko bikoteei eskainitakoa izan da gaurko eguna.

Amalur taldeko txistulariek markatutako erritmoan, bikoteak kalejiran abiatu dira Zaharren Egoitzatik, eta Brigidatarren Komenturainoko bidea osatu dute ibilian. Bertan meza entzun ondoren, hamaiketakoa egin dute, Komentuko atarian eskaini dieten lunch-arekin.

Arratsaldean, berriz, urrezko ezteien bereizgarri gisa, opari bana jaso dute 26 senar-emazteek Zaharren Egoitzan. Bikote batek, alabaina, ez du etortzeko aukerarik izan, Extremaduran bizi baita. Joxe Mari Bardaji Zaharren Egoitzako presidenteak egin du aurkezpena, bikoteak zorionduz eta Udalari astearen antolakuntzan emandako laguntza eskertuz.

Jarraian, Pablo Barrio alkateak eta Gorka Lizarraga Zerbitzu Sozialen arduradunak hitz batzuk eskaini dizkiete omenduei, eta oparien banaketari ekin diote, Pako Hita egoitzako presidenteordearekin batera.

Familiako argazkia egin ondoren, afari-merienda goxo bati egin diote bidea, eta behin indarrak hartuta, dantzatzeari ekin diote adinekoek. Modu horretan, euren sasoi ona erakutsi nahi izan dute, omenaldi asteari itxiera bikaina emateko.

ONCEren antzerkiaz gozatzen

Gaurko egun mugituaren aurretik, Manuel Lekuona kultur-etxeko besaulkietan patxadaz eseri eta antzerkiaz gozatzeko aukera izan zuten adinekoek atzo. Izan ere, ONCEkoek antzerki saio dibertigarria eskaini zieten omenduei.