Buruntzaldeko Ibilbideen seigarren eguna ospatuko da igande honetan, 9:00etatik 14:00etara, eskualdeko Udalek antolatuta. Bost ibilbide izango dira aukeran eta, hortaz, edonork izango du parada zonaldeko ingurune naturala ezagutzeko. Lasarte-Orian, zehazki, Andoainera, Urnietara zein Usurbilera joateko aukera izango da.
Lasarte-Oria eta Andoain lotuko dituen bideak 7,9 km-ko luzera du, eta urdinez eta urre zahar kolorez markatuta dago. Oinez soilik egin ahal izango dute parte har-tzaileek, eta mendiko botak janztea beharrezko izango dute. Urnietaraino doan ibilbidea, berriz, laburragoa da. 3,9 km da luze, berdez eta urre zahar kolorez markatuta, eta oinez zein bizikletaz egin daiteke.
Lasarte-Oriatik Usurbilera joan nahi duenak bi aukera izango ditu: bata Santueneara joatea, 4,5 km-ko bidea eginez; eta bestea Aginagaraino iristea, 9 km ibiliz. Urre zahar kolorez eta laranjaz egongo dira seinaleztuta biak, eta posible da bizikletaz ere egitea. Gainerako bi ibilbideek, ostera, Andoain Usurbil eta Urnietarekin lotuko dute. Lehena 4,8 km-koa da, berdez eta urdinez markatua, eta luzeagoa bigarrena, 14,9 km dituena, berdez eta laranjaz seinaleztatua. Biak ere oinez zein bizikletaz egin ahal izango dira.
Herri bakoitzean kontrol puntu bat izango da, parte hartzaileei argibideak emateko eta janari-edariak banatzeko. Ibiltariek bertan jasoko dute txartel bana ere, abiatu aurretik, irteerako udalerriaren zigiluarekin. Izan ere, txartel hori beharrezkoa izango dute itzulerako autobus zerbitzua erabili ahal izateko, ibilbidearen amaieran.
Lasarte-Orian, kontrol puntua Elizatze plazan izango da. Gainerako herrietan, jarraiko kokalekuetan izango dira kontrol puntuak: Usurbilen, Santueneako Zorrotzeko zubiaren parean eta Aginagako Mapil baserriaren ondoan; eta Andoainen zein Urnietan, udaletxe azpian.
Deialdi eta gonbita
Bertara hurbiltzeko gonbita luzatu nahi die Lasarte-Oriako Udalaren kirol-zerbitzuak hirugarren adineko pertsonei ere. Horretarako, begirale bat izango dute laguntzaile, Santueneara edo Aginagara bitarteko ibilbidea egiteko, goizeko 10:00etan abiatuta.
Ostadar SKT-k, bere aldetik, herriko haur eta gurasoei egin die deialdia, ibilbideetan parte har dezaten. Zehazki, Lasarte-Oriatik Usurbilera joatea gomendatu die, bide lauagoa eta errazagoa baita.