Pablo Barrio alkatea zentzu horretan mintzatu da: “Lasarte-Oria oso herri aberatsa da arlo honetan, eta hori bultzatu behar dugula uste dugu”.
Jarraian, Boris Nogales Kultura Batzordeko buruak hartu du hitza, eta akordioaren xehetasun ekonomikoen berri eman du. Kukukak bere programazioa bete eta ikastaroak aurrera eraman ahal izateko, 4.229 euroko diru-laguntza emango dio Udalak, eta beste 2.000 euro dantza eta antzerki asteko gastuak ordaintzeko.
Azkenik, hitzarmenaren garrantzia azpimarratu nahi izan du Joxe Mari Agirretxe Kukukako presidenteak: “Gauza ederra da hamabi urteren ondoren hemen egotea, Udala eta Kukukaren arteko lehen hitzarmena sinatzen”. Horregatik, dantza eta antzerki taldetik igaro diren guztiak zoriondu nahi izan ditu, eta Udalari eskerrak eman. Agirretxek berak onartu du ez zutela hitzarmen normal bat izaterik nahi, eta trikitilariak, kamiseta bereziak, pintxoak, etab. eraman dituzte, akordioa ospatzeko.