Nerea Sanchez Ingurumen saileko arduradunak eta Arantxa Oria Artelatz kooperatibako kideak gaur eguerdian Lasarte-Orian eraikiko diren bi konpostaje gune berriak aurkeztu dituzte. Gune hauek Sasoeta eta Atsobakar auzoan egongo dira eta azaroan izango dira erabilgarri.
Sanchezek jakin arazi duenez, auzo bakoitzean konposta egin nahi duten 20 familia izango dira hau erabiliko dutenak.
Eta erabilera erraza izango dute, "familiek etxean sortutako hondakin organikoa kospostagailuan bota eta prozesu naturalaren bidez, konposta bihurtuko da".
Izena ematea
Ingurumen batzordeko buruak azaldu zuenez, Atsobakar eta Sasoeta auzoko etxebizitzetara informazioa bidaliko da eta interesa duten familiek bilera informatiboak izango dituzte Villa Mirentxun: Sasoetako auzo lagunek urriaren 16an, 19:00etan eta Atsobakar auzokoek, berriz, urriaren 17an, 19:00etan.
Era berean, konpostagailuen erabilera ulertu eta ikasteko ordubeteko prestakuntza-saio bat izango dute urriaren 21 edo 23an.
Honetan izena emateko bi aukera dituzte familiak. Batetik etxe atarietan jarriko diren zerrendetan izena eman edo telefonoz 943 670 249 zenbakira deituta. Inskripzioa urriaren 18a baino lehen egingo da.
Udalak proiektu honen jarraipena egingo du Artelatz kooperatibaren bitartez eta Nerea Sanchezek aurreratu duenez, esperientzia honen emaitzen arabera, herriko beste puntu batzuetan kospostaje gune gehiago jartzea aztertuko da.