Euskal Jaia Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urriaren 10a

Gaur arratsaldean, herriko hainbat elkarte eta taldek urriaren 19an Lasarte-Orian egingo den Euskal Jaia aurkeztu dute. Kantua, dantza, pilota partidak… Denetarik izango da, eta “Okerra“ harri berezia ere altxako dute.

Urriaren 19an euskal giroa izango da gure herrian eta, batez ere, Okendo plazan. Izan ere, Lasarte-Oriako hainbat elkarte eta talde batu dira Euskal Jaia ospatzeko. 
Gaur arratsaldean jaian parte hartuko duten hainbat elkarte eta taldeetako kideak bildu dira egitaraua aurkezteko.

Benedikara irteera

Goizean goizetik hasiko dira ekintzak. Oinatz taldeko lagunak eta Gazte Klubeko gazteak irteera egingo dute gure herrian dagoen mendi bakarrera, Benedika mendira.

Gazte Klubeko lagunek  bertan duela sei hilabete lurperatutako denboraren kapsula atera eta gauza gehiago sartuko dituzte barruan.

Ekitaldiak

Bestalde, trikitilarien lagun-tzaz kalejira berezia izango da herriko kaleetan. Honetan, kantua, dantza eta bertsoak nahastuko dira.

Gainera, Okendon ibilbidea amaiera emateko txalapartariak eta bertso-saioa izango dira. Txulalai ere dan-tzatuko dela aurreratu dute antolatzaileek.

Ondoren, paella gozoa dastatzeko aukera izango da Okendo plazan bertan.

Bazkal ostean, “Hiru, bi, zast, egizu jolas“ haurren-tzako antzerkia, dantza eta kantuak izango dira guztion gozamenerako.

“Okerra“ harria

Jarraian, kirolen txanda izango da.  Familiei zuzendutako herri kirolak, lokotxak, giza proba eta sokatira, izango dira. Haurrentzako pilota partidak ere izango dira Okendo plazan jarriko den pilotalekua berezian.

Eta azkenik, erronka ederra izango da, “Okerra“ harria altxatzea. 

139 kiloko harria Sasoeta baserrian zegoen orain mende erdi, eta Joxe Mari Lasaren familiak gorde du. Gutxi izan dira harria jaso dutenak.

Musika eta pintxo potea

Jaiari jarraipena emateko, “Trikihots“ taldearen erromeria izango da. 

Eta egunari amaiera bapo emateko, herriko 15 tabernatan pintxo-potea izango da. Kalejira trikitilariek girotua izango da.

Baserritarrez jantzita

Antolatzaileek herritar guztiei gonbita egiten diete jaian parte har dezaten eta, batez ere, baserritarrez jantzita joatea eskatzen dute.

Era berean, bazkarirako txartelak salgai daudela jakitera eman dute. 6 euro balio dituzte. Hauek Jalgi tabernan eta Ttakun kultur elkartean daude eskuragarri.