Semblante Andaluzen aste kulturalak Golf plaza hartuko du

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urriaren 11

Semblante Andaluzek astelehenean eman zion hasiera XI. Aste Kulturalari. Astean zehar txapelketak izan dira egoitzan, baina asteburuan Golf plazan izango da jaia.

Astelehenean, Semblante Andaluz elkarteko egoitzan, kideez gain, Pablo Barrio alkatea, Boris Nogales EAJko zinegotzia, Jesus Zaballos eta Txus Alonso PSE-EEko zinegotziak, Marcos Rodriguez Inmigrazio eta Aniztasuna saileko zuzendari orokorra eta herriko beste elkarteetako lagunak bildu ziren aste kulturalari ohizkoa den ohorezko ardo eta mokadurekin hasiera emateko.

“Semblante Rociero“ taldeak bere harritxoa jarri zuen irekiera ekitaldian eta hainbat  doinu eskaini zituen.

Astean zehar, mus, tute eta pote txapelketak izan dira Atsobakarreko egoitzan, eta gaur, berriz, afari herrikoia izango da.

Ekintza ugari plazan
Asteburuan, aldiz, jaia egoi-tzetik aterako da, eta Golf plazan izango dira ekitaldi guztiak. Bertan erkidego honetako edari eta janariez gozatzeko tabernatxoa izango da.

Larunbat eguerdian “Amigos del Sur” taldea izango da oholtzan. Arratsaldean, ostera, hainbat taldez gozatzeko aukera izango da, “Azabache”, “Zambra” edo “Sevillana” taldearen dantzaldia.

Merche Montes edo “Son Kandela” taldearen emanaldiak ere izango dira. Egunari amaiera emateko, dantzaldia izango da.

Igandean ere askotariko ekitaldiak prestatu ditu Semblante Andaluz elkarteak.

 “Gitanillos del Alba” eta “Duende Flamenco” taldeen emanaldia izango da lehenik.

 “Circuito de Trenes de Jardin” erakusketa ere izango da ikusgai.

 Jarraian, gizon eta emakumeen selekzio banak Pote lehiaketa jokatuko dute, eta haurrentzako jolasak ere antolatu dira. Herri babarrun jana izango da ondoren, eta “Semblante Rociero” taldeak emango die amaiera emanaldiei.

Asteari itxiera eman baino lehen, lehiaketen irabazleei sariak banatuko dizkiete.