Orain egun batzuk Lasarteko kaleren batean oinez nindoala hara non topatu nuen paretean itsasitako iragarki bat. Argazki bat zuen erdi-erdian eta itzulinguru guztian herriko elkarte amaigabeen seinaleak. Argazki hartan Txema Valles zegoen, lepotik behera kamera zintzilik zuela, edozein egunetan ikusi ohi dugun tankeran.
Garbi zioen iragarkiak hari omenaldia egin behar ziotela, ez zuen iragartzen ordea iragarkiak, oso oker ez banabil behintzat, zergaitia. Geroago jakin nuen lagun bati galdetuta El Diario Vasco egunkarian gure herriko gora-beherak azalduz 30 urte zeramatzala eta urteurren borobil hura zela Txema goxatzeko arrazoia. Harrezkero topo egin dut berarekin Okend plazan, edonoiz, maiz, erraza baita Txemarekin topo egitea, gehienetan, argazkian bezala, kamera lagun eta aldi berean karga duela. Zorionak eman nizkion eta ezagunzuen harro zegoela, gustora, errekonozimendua jasotzera zihoalak. Eta ez da gutxiagorako: edozertan 30 urte aritzea, edozeinekin 30 urte pasatzea, edonon 30 urte egon izana ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Pazientzia behar da, borondatea, egoskorkeria eta berezkotasuna. Horiek guztiak nonbait badituelako eta herritarrek hori eta gehiago onartu nahi izan diotelako. Bejondeiola!!!!