Urriaren 27an ospatuko da Lasarte-Oria Bai! Kros herrikoiaren XVIII. edizioa. Gaur aurkeztu dute, Okendo plazan, eta antolatzaileek jakinarazi dute lasterketaren ibilbidean ez dela inolako aldaketarik izango. Aurreko urteetan bezala, Geltoki kaletik abiatuko dira lasterkariak, goizeko 10:30etan, eta 10,5 km-ko bidea osatuko dute Okendo plazako helmugaraino. “Lasterketa finkatuta dago, eta etorkizunean aldaketarik egin behar badugu, hobetzeko izango da”, zehaztu dute antolatzaileek.
Edizio berri honetan, Jose Luis Juarez zena omenduko dute antolatzaileek. Modu horretan, Juarezek krosaren mesedetan egindako lana eskertu nahi diote: “Atleta elbarrituei laguntzeko lan handia egiten zuen. Bere hutsunea sumatuko dugu”.
Izen-ematea, zabalik
Lasterketan parte hartu nahi duen ororentzat, zabalik da izen-emateko epea. Horretarako, bi aukera dituzte eskura interesdunek. Batetik, Ostadarren lokalean, Geltoki kalean, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 20:00era, eta larunbatetan 11:00etatik 13:00etara. Bertan, astelehenetik aurrera egin ahal izango da inskripzioa, lasterketa egunera arte.
Izena emateko beste bidea www.kirolprobak.com webgunea da, eta aukera hori martxan dago jada, uztailetik. Horrela, 120 parte hartzailek baino gehiago daude izena emanda dagoeneko. Lasterketaren kupoa 1.600 atletakoa izango da.
Prezioei dagokienez, ohiko izen-ematea 12 eurokoa izango da. Ostadarren bazkideek, berriz, 8 euro ordaindu beharko dituzte, eta jabetzako txipa dutenek 11 euro. Gainera, alokairuzko txipa behar dutenek 5 euroko fidantza ordaindu beharko dute, txipa itzultzean bueltatuko dietena. Lasterketaren egunean, 19 eurokoa izango da inskripzioaren kostua.
Txipak, dortsalak eta kamiseta teknikoak Michelingo kiroldegiko pilotalekuan jaso beharko dira, lasterketaren egunean, 9:00etatik 10:00etara, edo bezperan 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30etara.
Korrika Festa, haurrentzat
Kros herrikoia amaituta, haurren lasterketei egingo zaie bidea, 12:15 inguruan. Korrika Festaren XIII. edizioak 700 parte hartzaile inguru izatea espero dute antolatzaileek. 14 eta 5 urte bitartekoek izango dute lasterka aritzeko aukera. 5 euroko prezioa izango du izen-emateak, eta kamiseta eta domina bana jasoko dute gaztetxoek.