Ostiralean hasi zuten asteburuko menua Semblante Andaluzeko kideek Txema Vallesi egindako omenaldiaren antolakuntzan zerikusi handia izan baitzuen elkarteak berak eta baita Jose Perez Acosta presidenteak.
Kultur-etxeko festa txikiaren ostean herri afaria egin zuten Atsobakarreko egoitzan. Larunbat eguerdirako berriro ere martxan ziren semblantekoak Amigos del Sur taldearen doinu andaluziarrekin auzoa esnatu eta girotu asmoz.
Larunbat arratsaldean Merche Montes kantari ezagunak kontzertua eskaini zuen eta Zambra taldekoen soineko gorriek eta kriskitinek giroa berotu zuten takoien gerri kolpeekin argazki ederrak uzteko.
Atseden txiki baten ostean Son Kandelak latinoamerikako doinu bizi eta dantzagarriak ekarri zituen Atsobakarrera eta batez ere txikienek gustuz entzun zituzten kantuak.
Txikitxoak protagonista
Igande goizean elkarteko txikienen txanda izan zen, Gitanillos del Alba eta Duende Flamenco taldeek urtean zehar ikasitakoa senide eta lagunen aurrean erakusteko aukera izan zuten goizean goiz sevillana doinuak dantzatuz.
Eguerdian tren maketaren erakusketa egin zen Golf Plazako berdegune batean eta lehiaketarako tarterik ere izan zen. Gizon eta emakume selekzioen arteko bote txapelketa antolatu zen.
Bazkaldu aurretik, haur jolasak izan zituzten plazan eta jokoak amaituta, dantzan egin zuten denek oholtzara igota. Asteburuko martxa medio, gosea egina zeukaten ordurako eta 70 lagunek babarrun-janaz gozatu zuten elkartearen egoitzan.
Bazkalondoan kontu-kontari aritu ziren Perez Acosta, Txema Vallés eta udal ordezkariak Pablo Barrio alkatea tartean zela. Ostean Semblante Rociero taldeak emanaldia eskaini zuen.
Asteburuan egindako lehiaketa ezberdinetako saribanaketarekin amaitutzat eman zuten emozioz betea izan den aurtengo Kultur Astea. Hurrengo urtean zuzendaritza eta presidente berria izango ditu Semblantek.