“Bueltaka” haur antzerkia larunbatean

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urriaren 14a

Haurrentzako antzerki emanaldiak berriro hasiko dira Manuel Lekuona kultur-etxean larunbat honetatik aurrera. Lehena Behibi’s taldearen “Bueltaka” saioa izango da, euskaraz.

Istorioko protagonistek porrot ugari jaso dituzte eta askotan aurkitu dira ihes egin beharrean. Beren lurretan petrolioa aurkitzen dutenean kanporatu egiten dituzte, hiri handi batera doaz eta kontsumismoak eta zorrek sosik gabe uzten dituzte... Baina, azkenerako, garaipen txiki bat lortuko dute, eta bizitza berri baten hasiera izango da.

Behibi’s konpainia

Behibi’s 1992an sortutako antzerki konpainia da. Kontsumoaren inguruko kanpainak egin ohi dituzte, zenbait Udalekin harremanetan, eta hainbat jaialdi eta antzerki feriatan parte hartu dute: Tolosa, Feten... Urte luzez soilik haurrentzako emanaldiak egin ostean, helduei zuzendutako antzerkia egiten hasi ziren iaz, “No es fácil” saioarekin.

Larunbat honetan haurrentzako antzerkiarekin izango dira berriro. Saioa arratsaldeko 18:00etan izango da, eta 50 minutuko iraupena izango du. Sarreren prezioa 3,70 eurokoa izango da lehiatilan, eta 3,24 eurokoa www.lasarteoriasarean.eu webgunean aurrez erosita.